Bermeoko kontserba enpresen irudia izango den logotipo bila dabil udala
Horretarako, txapelketa bat antolatu dute eta edozein herritarrek parte har dezake lehiaketan. Bermeoko kontserbentzako diseinu originala eta barritzailea bilatzen ari da udala. Logotipoaren proposamena, gainera, azaldu dutenez, «bat etorri beharko da Bermeoko kontserba enpresen irudi korporatiboarekin». Logoan, ezinbestean, honako testua agertu beharko da: Bermeoko kontserbak/Conservas de Bermeo.
Bermeoko Udalak antolatu duen lehiaketa horretan edozein herritarrek parte har dezake, hau da, partikularrek zein diseinu agentziek egin dezakete etorkizunean kontserben irudia izan daitekeena. Hori bai, parte hartzaile bakoitzak, gehienez, bi lan aurkeztu ahalko ditu.
Maiatzaren 13ra arte
Lehiaketan parte hartu gura duenak paperean zein digitalean aurkeztu beharko ditu lanak. Paperean, gehienez DINA4 tamaina izan beharko du. Formatu digitalean, barriz, arruntenak diren diseinu grafikoko edozein formatuetan (FreeHand, Photoshop) eta JPG edo TIFF formatuan aurkeztu beharko da. 300 pp.ko gutxienezko bereizmena izatea be eskatu dute. Logoa, gainera, azalpen txiki batekin lagundu daitekeela jakinarazi dute antolatzaileek.
Lanak gutun-azal itxi batean aurkeztu beharko dira. Egilearen datu pertsonalak eta telefonoa ipini beharko dira horretan eta Logo lehiaketa idatzi beharko da gutun-azalaren atzekaldean. Parte hartzaileek Bermeoaldeko Behargintzaren bulegoetan aurkeztu beharko dituzte lanak (Zubiaur Tar Kepa 26-28, lehenengo solairuan).
Maiatzaren 13a izango da logotipoaren proposamenak aurkezteko azken eguna.
500 euroko saria
Jakinarazi dutenez, epaimahaikideek maiatzaren 24an jakinaraziko dute zein izango den aurrerantzean Bermeoko kontserba enpresen irudia izango den logotipoa.
Lehiaketako irabazlearentzako saria 500 eurokoa izango da eta Bermeoko arrain kontserba enpresen lote bat be jasoko duela adierazi dute udaletik.