Itsasmendi 7 txakolina
Itsasmendik txakolinaren historian bere lekua egin duenik inork gutxik uka dezake, hainbat dira-eta sortu zenez geroztik Gernika-Lumoko upategiak lortu dituen sariak. Horietan azkena, Nazioarteko Urrezko Bacchus saria, oraintsu lortu du, Bizkaiko Txakolina jatorri izendapena daukan 2011ko Itsasmendi 7 ardoari esker. Kontuan hartuta ardo horretako 2008ko eta 2010eko uztek be 2010ean eta 2012an Urrezko Bacchus-a lortu zutela, «egungo ardorik onenen artean» koka daiteke Itsasmendi 7, Garikoitz Rios upategiko arduradunaren esanetan.
Urrezkoak ez ezik, bestelako sariak be lortu ditu Gernika-Lumoko upategiak nazioarteko lehiaketa horretan. 2004ko Itsasmendi 7k, esaterako, Zilarrezko Bacchusa eskuratu zuen 2006an. Sari bera irabazi zuen upategiak 2006an, 2005eko Itsasmendi ardoarengatik. 2010ean, bestalde, 2009ko Itsasmendi txakolinak eta 2006ko Itsasmendi Urezti txakolinak lortu zuten Zilarrezko Bacchusa. 2012an, azkenik, Urrezko Bacchus Handia irabazi zuen upategiak, 2008. urteko Itsasmendi Urezti ardoari esker. Halaber, 2011ko Itsasmendik Urrezko Bacchusa eskuratu zuen urte berean. Nazioarteko lehiaketa horretan ez ezik, bestelako sariak be irabazi ditu egoitza Arane auzoan daukan upategiak.
Itsasmendi 7ren urrezko sari hirukoitzak, baina, berebiziko garrantzia dauka upategiko arduradunentzat. Riosen berbetan, «beharbada, lehenengo Urrezko Bacchusa irabazteak ilusio handiagoa sortzen du, baina hirugarrena eskuratzeak ibilbide oso bati egiten dio aintzatespena». Bada, haren ustez, lana ondo egiten ari izanaren erakusgarri da azken saria.