Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira ilustrazio eta ipuin lehiaketa abiarazi dute Ean
Urtero lez, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute apirilaren 23an, eta hainbat izango dira horren harira egingo dituzten ekimenak; besteak beste, Bermeon, Busturin, Ean eta Foruan. Ean, esaterako, egun horregaz bat eginda, ilustrazio eta ipuin lehiaketa abiatu dute herrian. Bertan parte hartu gura dutenek hilaren 17ra arte aurkeztu ahalko dituzte beren lanak, udaletxean.
Gaia librea izango dute parte hartzen dutenek, eta euskaraz idatzitako ipuinak eta edozein teknika edo margo motagaz egindako irudiak egin beharko dituzte. Lanak aparteko gutunazal baten barruan aurkeztu beharko dituzte norbere datuak jarrita.
Bi urtetik gorako edozein herritarrek izango du lehiaketan parte hartzeko aukera, «baita 95 urtekoek be». Dena den, horien guztien artean zazpi kategoria bereiztuko dituzte: lehenengo kategoria (2 eta 3 urte), bigarren kategoria (3 eta 4 urte), hirugarren kategoria (5 eta 6 urte), laugarren kategoria (7 eta 8 urte), bosgarren kategoria (9 eta 12 urte bitartekoak), seigarren kategoria (13 eta 17 urte bitartekoak) eta zazpigarren kategoria (18 urtetik gorako guztiak).
Sari banaketa, hilaren 27an
Behin lanak aurkezteko epea bukatuta, kultur talde ezberdinetakoek eta udaletxeko ordezkariek lanak epaituko dituzte; sari banaketa, barriz, hilaren 27an egingo dute 18:00etan, Natxituko Haizeder eskolan.