Bermeoko Udal Gobernuak Zarragoitxiren, Ibarretaren eta Adubidxen epe luzerako etorkizuna definitu gura du. Halanda be, hori herritarrekin batera egingo dutela jakinarazi du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. Horretarako parte hartze prozesu bat abiaraziko dute eta prozesua Zarragoitxirekin hasiko dutela azaldu dute.
2011. urtean aho batez onartu zen Plan Orokorrean, Zarragoitxi, Ibarreta eta Adubidxe guneeen etorkizuna berraztertzeko zabalik geratu zen, hau da, hiru gune horiek arautu barik geratu ziren. Orain, udal gobernuak gune horien epe luzerako etorkizuna definitzeko asmoa agertu du gune horietako bizilagunekin eta interesa duten herritarrekin batera.
Parte hartze prozesua Zarragoitxin hasiko dute. Hain zuzen be, hiru hirigintza batzar egingo dituzte: apirilaren 16an, 23an eta 30ean. Batzarrak arratsaldez izango dira Zarragoitxiko antzinako udal liburutegian.
Bermeoko alkateak azaldu duenez, «helburua guztion artean aipatu guneetako hirigintza etorkizuna definitzea eta erabakitzea da; izan be, epe luzera definitzen diren gauzak askoz be aberasgarriagoak dira». Horregatik, parte hartze handia izatea espero dute eta gune horietako bizilagunei, elkarteei, dendariei eta interesa duten herritar guztiei batzarretan parte hartzera gonbidatu ditu Bidegurenek.
Batzar horietan politikoez gain, teknikoak eta adituak be izango direla aipatu dute. Hurbiltzen diren herritarrek, barriz, proposamenak, iritziak, hausnarketak eta kezkak adierazteko aukera izango dute. Batzar horietan egindako hausanarketak eta ateratako proposamenak Plan Orokorrean barneratzeko kontuan hartuak izango direla azaldu dute, horiek halanda guztiz be, lehenik eta behin Hirigintza Batzordetik pasatu beharko dira eta ostean protokolo urbanistikoa jarraitu. 2011. urtean onartu zen Plan Orokorrak hamar urterako planteamendu urbanistikoa jasotzen du.