Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Partzuergoko presidenteak jakinarazi duenez, Gernika-Lumoko saneamendu sarea 2014an amaitzea aurreikusten du Bizkaiko Foru Aldundiak. Gaineratu duenez, “2013ko amaierarako saneamendu sarea prest egon behar luke, baina dirudienez barriro atzeratuko da obren amaiera data”. Lanak “erritmo onean” doazela azaldu du presidenteak, baina Aldundiak erritmoa moteltzeko eskatu dio enpresari, behar beste dirurik ez baitu bideratu azpiegitura eraikitzeko.
2009ko otsailetik 2012ko uztailera bitartean be, obrak geldirik egon ziren. Saneamendu lanak hasi zituen enpresak alde egin zuen, eta lanak barriro hasi orduko “hiru urte” pasa dira. Enpresa barria, gainera, hutsetik hasi zen lanean, joan den uztailean. Hortaz, 2009a baino lehenago egindako lan guztia alperrikoa izan zen, eta barriro sartu behar izan dituzte hodiak lurrazpian.
Arriolaren berbetan, pozik daude Gernika-Lumoko saneamendu lanek amaiera data baitute dagoeneko, baina “poztasuna ez da erabatekoa”. Izan be, herriak denbora gehiegi darama saneamendu sare egoki bat barik.
Ur Partzuergoko presidenteak esan duenez, “badirudi Aldundiak beste lehentasun batzuk dituela”. Haren berbetan, “15.000 pertsonako herri baten saneamendu sarea baino, garrantzitsuagoa da agerian geratzen diren azpiegitura erraldoiak eraikitzea”.