Txipiroi pintxoen jardunaldia antolatu du Bermeoko ostalarien elkarteak astebururako
Bostale Bermeoko ostalarien elkarteak txipiroi pintxoen lehenengo jardunaldi gastronomikoa antolatu du astebururako. Jarduera hori, Bermeoko ostalaritza sektoreari bultzada emoteko elkarteak antolatu dituen programaren baitan dago.
Bermeoko ostalarien elkarteak hainbat jardunaldi prestatu ditu datozen hilabeteetarako. Herriko ostalaritza bultzatzea helburu duen lehenengo jardunaldia asteburuan egingo dute, zapatuan eta domekan. Hain zuzen be, txipiroi pintxoen lehenengo jardunaldi gastronomikoa egingo dute. Azaldu dutenez, establezimendu bakoitzak gura duen erara prestatu ditzake txipiroi pintxoak. Hori bai, jardunaldiari homogeneotasuna emon asmoz, pintxo horien prezioa 1,50 eurokoa izateko konpromisoa hartu dute guztiek.
Bigarren jardunaldia ekainean egitea aurreikusi dute, San Juan bezperan, hain zuzen. Azaldu dutenez, egun horretan sardinada egiteko asmoa dute Lamera parkean. Halanda be, ordutegia eta ezaugarriak oraindik zehaztu gabe daudela jakinarazi dute. San Juan bezperan egitekoak diren sardinada horren helburuak inguruko herrietako biztanleak erakartzea da batetik, eta bestetik, bermeotarrek herrian geratzeko aitzakia izatea.
Uztailaren 27rako, bestalde, Euskal Herriko marmitako txapelketa antolatu gura du Bostale elkarteak. Txapelketa hori Bermeoko Alde Zaharrean egingo litzatekeela azaldu dute. Adierazi dutenaren arabera, «marmitako txapelketek sortzen duten interesa dela eta, txapelketak jendea erakarriko duelakoan gaude».
Gainera, marmitako txapelketa horri indarra emon asmoz, uztailaren 27ko eta 28ko asteburuan hegaluze pintxoen jardunaldi gastronomikoa be egingo dute. Horretan be, hegaluze pintxoak bakoitzak gura duen modura prestatu ahalko dituzte.