«Pozik» atera dira gaur Gernika-Lumoko ospitalearen aldeko taldeak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordetik. Gernikaldea zentroaren inguruan dituzten kezkak azaltzera eta beren eskaerak aurkeztera joan dira osasun batzordera aipatu taldeak; bertan, legebiltzarkideen «aldeko erantzuna» jaso dute.
Joan den abenduan zabaldu zuten Bereizmen Handiko Zentroa Gernika-Lumon, aipatu taldeen arabera, «anbulatorioak lehenago eskaintzen zituen zerbitzuekin soilik». Geroztik, sarritan exijitu diete agintariei «Gernika-Lumoko ospitalea martxan jartzea». Oraingoan be, hala egin dute, eta, horretarako, Legebiltzarreko osasun batzordean izan dira
Oheak izango dituen ospitale baten alde dauden langileak eta
Giltzurrunetako gaitza duten Busturialdeko bizilagunak.
Ba
tzordera bertaratutako legebiltzarkideen (EAJ, Bildu, PSOE eta PP alderdietakoak) aurrean, 2004. urtetik gaur egunera arte egindako lana erakusteko eta egun zentroa nola dagoen azaltzeko aukera aprobetxatu dute aipatu taldeek. «Gobernuak berak 2011ko azaroan aurkeztutako proiektua martxan jartzea eskatu dugu, non haren arabera, zentroak honako zerbitzuak bildu beharko lituzkeen: larrialdi zerbitzu osoa, etxez etxeko ospitalizazioa, hemodialisiko hamar postu, neurologia kontsulta, eskaner, mamografia eta erresonantzia egiteko aukera, lau ebakuntza-gela eta dagoeneko martxan diren espezialitateak».
Oheen beharrizana
Osasun batzordeko legebiltzarkideek be uste dute Gernika-Lumoko zentroa zerbitzu horiekin guztiekin ireki behar dutela. Aipatu proiektuak, baina, ez du biltzen oherik; «dena den, guk berriz diogu ohe horiek beharrezkoak direla, batzuk, bai, behintzat», diote ospitalearen aldeko taldeek. Izan be, horien ustez, «edozein arazo sor daiteke hemodialisian, larrialdietan zein ebakuntza-gelan, eta horrek herritarra egun bat baino gehiagoz ospitaleratuta egotea ekar lezake».
Bestalde, aipatu taldeek kritikatu dute egun Bizkaian erditzeko aukera emoten duten bi ospitale baino ez daudela: Basurto eta Gurutzeta. Horregatik, uste dute momentu egokia dela eztabaidatzeko Galdakaoko ospitalean be aukera hori emon dezaketen. Azkenik, Gernika-Lumoko zentroan minaren unitatearen kontsulta jartzeko be eskatu zdute gaur.