Bizkaiko udalerriek eta mankomunitateek ingurumena hobetzeko eta iraunkortasunerako proiektatutako 50 ekimen lagunduko ditu diruz Foru Aldundiko Ingurumen Sailak. 6.076.735 euroko inbertsioa eskatzen dute 50 proiektu horiek, eta aldundiak hiru milioi eurogaz lagunduko ditu. Tartean Busturialdeko hamar proiektu daude.
Jarduera-esparruka sailkatuta, 50 proiektuak sei arlotan bereiz daitezke: energia-efizientzia eta energia berriztagarriei dagozkionak (24 proiektu); mugikortasun iraunkorrari dagozkionak (zortzi proiektu); aisialdi-eremuekin eta ibilbide ekologikoekin lotutakoak (zortzi proiektu); hondakinen kudeaketari dagozkionak (bost proiektu); eta azpiegitura hidraulikoenak (sei proiektu).
Aldundiaren arabera, proiektu horiei esker «posible izango da Bizkaiko udalerrietan energia aurreztea bultzatzea, CO2 eta kutsatzaile gutxiago isurtzea eta zarata gutxiago sortzea». Bestalde, diruz lagundutako jarduerek sortuko duten «onura soziala» nabarmendu du diputazioak. «Ingurumena zuzenean hobetzeaz gain, zeharka beste hobekuntza batzuk ere eragingo dituzte, esaterako, sozio-ekonomikoak».
Diruz lagundutako Busturialdeko herri eta mankomunitateak, esparruka
- Energia-efizientzia eta energia berriztagarriak. Jarduera-esparru honen barruan Busturialdeko bost proiektu lagundu ditu diruz aldundiak. Ondokoak dira laguntza jaso duten herriak: Elantxobe, Gautegiz Arteaga, Arratzu, Sukarrieta eta Ea.
- Mugikortasun iraunkorra. Bi herrik jaso dute laguntza; Gernika-Lumok eta Mendatak.
- Hondakinen kudeaketa. Nabarnizek, Busturialdeko Mankomunitateak eta Ibarrangeluk jaso dute arlo honi dagokion laguntza.