Hernaniren kontrako derbia irabazi du Bizkaia Gernikak
Bizkaia Gernikak 7-16 irabazi zuen Hernaniren kontrako derbia, joan den asteburuan. Jokalari atzerritar gehienek taldea utzi arren, gernikarrek maila ona emon zuten Hernaniko Landare Toki zelaian, merezita irabaziz. Hernaniko (Gipuzkoa) taldeak partida hasieran bakarrik egin zion aurre Bizkaia Gernikari. Partidako lehen entsegua, esaterako, hernaniarrek egin zuten 7-3 aurreratuz.
Poztasunak, halanda be, gutxi iraun zion Hernaniri. Basurdeek seriotasuna berreskuratu zuten lehen kolpea hartu ostean, eta Iñigo Olaetaren entsegu batek buelta emon zion partidari. Lehen zatia 7-13 amaitu zen.
Bigarren zatian Hernaniko taldea erasokor zelairatu zen, baina bertokoek defentsa bikaina egin zuten. Hala, errentari eustea lortu zuen Bizkaia Gernikak. Partida amaitzear zela, gernikarrek azken puntuak lortu zituzten zutoin artera egindako jaurtiketa bategaz.
Olaeta nabarmendu zen basurdeek artean. Gernikarrak Bizkaia Gernikaren puntu guztiak lortu zituen Landare Tokin.
Kopako finalaurrekoa
Asteburuan Kopako finalaurrekoetako bueltako partida jokatuko du Bizkaia Gernikak. Hain zuzen, Urbietako zelaian neurtuko dituzte indarrak Ampo Ordiziak eta Bizkaia Gernikak, zapatuan. Taldeko arduradunek azaldu dutenez, tribunako bazkideek aldez aurretik hartu behar dituzte sarrerak. Sarrerak hartzeko Urbietara joan behar dute interesatuek, 16:00etatik 19:30era. Egunero izango dute zabalik bulegoa.