Auzitegiaren sententziak hobekuntzak egitea erraztuko duela uste du Sukarrietako alkateak
Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak Sukarrietako Ama Begoña umeentzako udalekuen instalazioen Babesturiko Kultur Ondare izendapena baliogabetzeko sententziarekin ados agertu da beste behin be Peru Sainz Vizcaya alkatea. Haren ustetan, sententzia horrek «herrian hobekuntzak egitea erraztuko du»; izan be, Sukarrietako alkatearen arabera, «instalazio horiek kultur ondare izendatzekotan, ezingo litzateke horietan ezer egin».
Azkenaldian herrian agertu diren panfletoetan emoten diren «salaketa faltsuen» aurrean egin ditu adierazpenok Sukarrietako alkateak. Kritikak jasotzea karguagaz batera doazela uste du, eta horiek entzuteko «beti prest» dagoela aipatu, «baina egin dituzten salaketa faltsuen aurrean, Sukarrietako bizilagunek nire berben benetako esanahaia ezagutzea gurako nuke».
Horrela, Justizia Auzitegi Nagusiak emondako epaiarekin «herri osoak irabazten duela» dio Sainz Vizcayak eta alkate zein herritar modura sententziarekin «pozik» dagoela aipatu du. «Neurri honek herriko etorkizuna hipotekatuta geratzea saihesten du, eta herrian zein inguruan hobekuntzak egiteko aukerak zabaltzen ditu», esan du alkateak. Herriaren etorkizunean pentsatzen duela helarazi gura izan du, eta horrez gain, argi utzi gura izan du bere nahia inoiz ez dela izan eraikina botatzea.
Alkateak azaldu duenez, «ez da bakarrik ikusi behar sententziak aipatzen duen forma-akatsa, funtsezko gaia baizik. Horren eraginez, herriko gune baliotsu bat ez da inmobilizatuta geratuko».