Otegi, Egiguren eta Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimendua, 2013ko Gernika Sariak
Gernikako bonbardaketaren urteurrenean banatuko dituzten Gernika Sariak Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren politikariek eta Brasilgo MST (Lurrik Gabekoen Mugimendua) hartuko dituzte aurten. Bakearen eta Berradiskidetzearen alde egindako lana aitortzea dute helburu urtero banatzen dituzten sari horiek. Hain zuzen, Euskal Herrian bakea lortzearen alde egindako lana aitortu gura diete ezker abertzaleko Arnaldo Otegiri eta PSEko kide Jesus Egigureni. “Helburu zehatz bat lortzeko asmoz, elkar ulertzeko gai izan dira biak, ideologikoki desberdin pentsatu arren”, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok azaldu duenez. Brasilgo mugimenduari, bestalde, lurrik gabeko nekazarien alde egindakoa aitortu gura die Gernika-Lumok. “Gaur egun 350.000 familiak erabiltzen dituzten bost mila hektarea lur berreskuratu dituzte”.