Lurraren Astearen baitan egindako berbaldietako bat
Busturialdearen garapena ardatz hartuta, Lurraren Astea ari dira ospatzen egunotan Gernika-Lumon, Busturialdea-Urdaibai norantz lelopean. Galtzagorriak boluntario taldeak, Lurgozo elkarteak, Gernikatik Mundurak eta Astra Koordinadorak antolatutako jardunaldia azken txanpara ailegatzen ari da, gaur egingo duten baserriko elikagaien ikastaro praktikoaren aurkezpenaren ostean Lurraren Topaketagaz emango baitute amaitutzat astea, bihar. Bada, zapatua ekitaldiz gainezka etorriko da Astra kulturarako fabrika sozialera.
Odolostak egiten ikasteko tailerragaz hasiko da Lurraren Topaketa, 11:00etan. Ordubetera, aldiz, ortugintzan ariko dira parte hartzaileak, auzolanean. Lilibertsoren saio ibiltariaren ostean, bertoko eta sasoiko produktuen bazkaria egingo dute Astran. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraindik badago bazkarirako txartela erosterik; beraz, joan gura duenak Astran eskuratu beharko du, 10 euroren truke.
Umeei zuzendutako birziklapen tailer ludikoa egingo dute arratsaldean, eta, zehaztu dutenez, parte hartzeko nork bere materialak eroan beharko ditu. «Pintxak, algodoi kamisetak, esne botilak eta kutxak, pertxak… eta margotzeko gogoa» dira beharrezko osagaiak. Horrez gain, antolatzaileek azaldu dutenez, ekitaldiek iraun bitartean umeen zaintzarako zerbitzua emongo dute kulturarako fabrika sozialean.
Behin-behineko balorazioa
Lurraren Astearen behin-behineko balorazioari dagokionez, «pozik» daudela esan dute antolatzaileek, jende askok parte hartu ez arren kualitatiboki pozik egoteko moduko balantzea eginda. Azaldu dutenez, joan direnek jorratutako gaien inguruko interesa agertu dute, eta eztabaidak positiboak izan dira. «Jendeari gogoetarako bidea zabaldu dio Lurraren Asteak, eta hori zen, hain zuzen, helburuetako bat».
Lurraren Topaketa. Egitaraua
- 11:00etan. Odolostak egiten ikasteko tailerra. Baserriko elikagaien ikastaro praktikoaren lehenengo eguna. Aitor Alonsoren (Muxika) eskutik.
- 12:00etan. Ortugintza auzolanean.
- 13:30ean. Lilibertso saio ibiltaria.
- 14:30ean. Bertoko eta sasoiko produktuen bazkaria, Sukaldikas-en eskutik.
- 16:00etan. Birziklapenaren tailer ludikoa, umeei zuzenduta.
- 17:00etan. Gernika Folk Taldea.