Gernika-Lumoko ospitalearen aldeko taldeek salatu dutenez, ez dute oraindik Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako osasun sailburu izandakoari bidalitako gutunaren erantzunik jaso. Hori dela eta, Oheak izango dituen ospitale baten alde dauden langileak eta Giltzurrunetako gaitza duten Busturialdeko bizilagunak prest agertu dira, Bildukoekin batera, legebiltzarreko komisioan parte hartzeko eta bertan, euren eskaeren berri emoteko.
2012ko martxoan bidali zioten eskutitz bat Bengoari eskualdeko zinegotzi eta alkateek, non alde bien arteko bilera bat egiteko eskaera egin zioten. Erantzun ezaren aurrean, eta Bereizmen Handiko Zentroa «anbulatorioak lehenago eskaintzen zituen zerbitzuekin soilik» zabald
u dutela kontuan hartuta, «Gernika-Lumoko ospitalea martxan jartzea» exijitu diete agintariei aipatu taldeek eta Bilduk.
Hala, Lea-Artibaik eta Busturialdeak «behar duten kalitatezko osasun asistentziari erantzuteko behar beste diru inbertitzea» eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Egun, eskualdeotakoak «kanpotik etorritako eraikin baten aurrean» aurkitzen direla salatu dute, «barruan ez baititu herritarrek behar dituzten osasun zerbitzuak». Kritikatu dutenez, «lehen eta bigarren solairuak hutsik daude, ustez kirofanoak diren geletako kableak sabaitik zintzilik daude, scanner eta mamografien aparatuak erabiliko dituzten langileak falta dira, hemodialisi zerbitzua be falta da…».
Era berean, gogoratu dute etxez etxeko ospitaleratze zerbiztua ez duten Bizkaiko eskualde bakarrak direla Busturialdea eta Lea-Artibai, eta bertakoek edozein larrialditarako gainontzeko herritarrek baino kilometro gehiago egin behar izaten dituztela ospitale batera ailegatzeko.
«Galdakaoko ospitaleko larrialdi zerbitzuak gainezka egoten dira beti, 300.000 biztanle baino gehiagori emoten baitiote zerbitzua, eta, gainera, ebakuntza jakin batzuk egiteko itxaron-zerrendak hainbat hilabetez luzatzen dira, zenbaitetan baita urtebetez be», salatu dute. Gauzak horrela, bertoko egoera azaltzeko asmoa erakutsi dute legebiltzarkideen aurrean.