Zenbait lagun, Gernika-Lumotik Muxikarainoko martxan
Bizi arteko zigorarren aurka, Gernika-Lumotik Muxikara martxa egin dute gaur, 18:30ean hasita. 197/2006 sententzia aplikatuta du Josune Onaindia preso muxikarrak, eta lege hori baliogabetzeko eskatuko dute herritarrek, martxa eginez. Bermeoko Elias Fernandez presoari be lege bera aplikatu zion Espainiak, eta herri horretan ekitaldia egingo dute 20:00etan, kafe antzokian. Gaur egin dute Europako Giza Eskubideen Auzitegian Ines del Rio presoaren egoerari buruzko auzi saioa. Parot doktrina ezarri zion Espainiar preso nafarrari, eta uztailean doktrina hori aplikatzearen kontrako epaia emon zuen Estrasburgok, eta erabaki judizialari helegitea ipini zion Espainiak.
Ines del Rioren abokatuen alegazioak eta Esapainiako Gobernuaren abokatuen alegazioak entzun dituzte gaur auzia aztertuko duten hogei epaileek, Europako Giza Eskubideen Auzitegian. Auzi saioa amaituta, erabakia hartu beharko dute orain magistratuek. Balorazioa egin du Amaia Izko abokatuak, auzia amaitu ostean. Haren esanetan, Espainiako Gobernuaren abokatuak egindako alegazioak ez du «inondik inora» azaldu zergatik oker dagoen uztailean Estrasburgok emondako sententzia: «Sententzia hura faktikoki eta juridikoki okerra dela mantentzen du Espainiak, baina abokatuek ez dute lortu azaltzea zergatik den oker». Izkoren iritziz, Espainiaren abokatuak kontzeptuak nahasten saiatu dira, «afera zein den kontuan ez izateko. Eta afera da, hain zuzen, giza eskubideak modu unibertsal batean aplikatu behar direla, eta Parot doktrinak hori urratzen du».
Etxeraten esanetan, «etengabeko mendekua eta sufrimendua nahi duen espetxe politikaren tresna bat gehiago da 197/2006 doktrina», eta «erabateko eskua» ematen dio espetxe politika horrek eskubideen urraketari. Indar soberanisten ustez ere asko da Estrasburgon «jokoan dagoena»; ez da bakarrik Del Rioren kasua edo gaur egun doktrina aplikatua duten 71 presoen etorkizuna. «Euskal preso politikoei estatuak aplikatzen dien zigor estrategia jarriko da zalantzan», esan zuen Maiorga Ramirezek, Sortuk, EAk, Aralarrek, ABk eta Alternatibak egindako agerraldian.