Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak asteon hasi ditu Mundakako Laidatxu hondartzarako sarrera barria egiteko lanak. Lan horiekin hondartzarako irisgarritasuna hobetu gura da, horretarako aldapa barri bat egingo dutela jakinarazi dute Aldunditik.
Mundakako Udala herrigunean irisgarritasuna hobetzeko programa bat garatzen ari da, horren baitan Laidatxu hondartza dago. Izan be, gaitasun fisikoak edonolakoak izanda be, hondartzaren erabilera ahalbidetu gura die erabiltzaile guztiei. Hori dela eta, udalak Laidatxurako irisgarritasuna hobetzeko proiektu bat garatzea eskatu zuen.
Mundakako Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Igurumen eta Lurralde Politika Sailaren eta Kosta Mugapeen baimenak izan ostean, lanak abiarazi dituzte.
Horrela, lanok amaitzerakoan Laidatxuk sarrera barria izango du. Errepideko zubiaren paraleloan joango den aldapa bat egingo dutela azaldu dute Foru Aldunditik. Aldapa horrek %8ko malda izango duela zehaztu dute eta bi metroko zabalera, hain zuzen be. Egurrezko pasagunea izango da egingo dutena eta 59 metroko luzera hartuko du. Pasaguneak, gainera, bi zati desbardin izango dituela jakinarazi dute.
Lanok egiteko 239.610,93 euroko aurrekontua du Bizkaiko Foru Aldundiak eta bost hilabetetan amaitzea aurreikusten dute.
Hondartzarako sarrera barria egiteko lanak direla eta, errepidea estutu egin dute eta semaforoen bitartez erregulatzen ari dira ibilgailuen trafikoa. Halanda be, abisu barri bat emon arte, bai Bilbo-Bermeo zein Bermeo-Bilbo noranzkoetan doazen bizkaibusen geralekuak saihesbidean izango direla azaldu dute Mundakako udaletik.