Domekan, autobusean joango dira eskualdetik Baionara
Korrika 18agaz bat eginda, martxoaren 14an abiatu ziren Andoaindik euskararen aldeko lasterketan. Dagoeneko, ibilbide erdia baino gehiago egina dute, eta domekan ailegatuko dira Baionara lasterketa amaitzeko. Korrikalariekin batera, hainbat herritar izango dira bertan; nork bere kabuz joan ahal izango du, baina Busturialdetik zein Lea-Artibaitik autobusez joateko aukera be izango dute horietako askok.
Busturialdeko autobusa Bermeotik irtengo da, Gernika-Lumotik pasatuz, eta bitarteko herrietan hainbat geldialdi eginez. 08:30ean aterako dira Bermeotik, 11:00etarako Baionan egoteko. Bueltarako ordua zehazteke duten arren, iluntzean itzuliko direla esan dute.
Lea-Artibaiko autobusa, bestalde, Lekeitiotik abiatuko da 08:00etan. Bertatik Markina-Xemeinerantz abiatuko da 08:30 aldera, eta bukatzeko, Ondarroan egingo du geldialdia 09:00 bueltan. Busturialdekoek bezala, Lea-Artibaikoek be 10 euro ordaindu beharko dute euskaltegiek antolatutako autobusean joan ahal izateko. Eskualdeko euskaltegietan ez ezik, beste hainbat lekutan be emon ahalko dute izena herritarrek; hain zuzen be, Lekeitioko Galarrena eta Arritxu tabernetan eta Ekolur belardendan.
Domekara aurretik, baina, eskualdeotako hainbat herritan izango da zer ospatu; Ean, esaterako, peto tailerra, korrika txiki eta beste hainbat egingo dituzte.
Egitaraua
Martxoak 22
Ea. 18:00etan, peto tailerra, eta 18:30ean, korrika txikia; ostean, txokolate jana.
Natxitua. 18:00etan, peto eta lekuko tailerra bolatokian, eta 18:30ean, korrika txikia; ostean, txokolate jana.
Bedaroa. 18:30ean, peto tailerra; 19:30ean, korrika txikia eta txikientzako afaria; 22:00etan, herri afaria eta karaokea. Korrika pasatu ondoren, txokolate beroa denentzat.
Martxoak 23
Natxitua. 21:30ean, herri afaria.