Komunitate bakar bat eratzea izango du xede III. Immigrazio Planak
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuaren Elkargoak 2013-2016 urteetarako immigrazio plana onartu berri du. Eskualdean egiten den mota horretako hirugarren plana da mankomunitatea osatzen duten hamazazpi udalerriek onetsi dutena; 2005etik 2007ra artekoa izan baitzen lehenengoa, eta 2008tik 2011ra artekoa bigarrena.
Testu berriagaz, «bakoitzak bereari eutsita, guztiok komunitate bereko kide sentitzeko urratsak emoten joatea» da helburua eta, horretarako, etorkinen harrera eta kultura arteko bizikidetza errazteko helburua daukaten 25 neurri hartuko dituzte.
Oinarrizko bi jarduera eremu aurreikusten ditu III. Immigrazio Planak: harrera eta gizarteratzea eta kultura arteko bizikidetza. «Horietan guztietan irizpide bat izango da nagusi: normalizazioa», diote mankomunitatetik. «Hau da, udalek eta erkidegoak bizilagun guztientzat dituen prestazio eta zerbitzuak etorkinek erabili ahal izan ditzaten erraztu behar dute, beste edozein herritarrek bezala».
Halaber, Immigrazio Zerbitzutik arreta espezializatua emango diete etorkinei: lan eta egoitza baimena lortzeko eta berritzeko, atzerriko gidabaimenak trukatzeko, atzerriko ikasketak homologatzeko, kontsulatuen gaineko informazioa izateko…
Hirugarren plan hori diseinatzeko Elkargoa osatzen duten hamazazpi udaletako ordezkarien jaso dituzte. Horrez gain, 15 gizarte eragileren eta sortu barri den Inmigrazio Kontseiluraren ekarpenak hartu dituzte kontuan. Orain, «planak emandako ildo nagusiak abiapuntu izanik, jarduketa-egitarau bat ezarriko du Elkargoak urtero eta partida bat esleituko du horretarako aurrekontuan».