Herritarren partaidetza bultzatu gura du Mundaka Udalak HAPO osatzeko
Hasierako fasean dagoen Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) berrikusketa egiteko, herritarren parte hartzea bultzatzeko egingo dituzten ekintzen programa onartu du azken osoko bilkuran Mundakako Udalak. HAPOren dokumentazioaren erakusketa egiteaz gain, informazio bilerak, publizitate kanpainak eta komunikabideetan kronikak egitea aurreikusi dute, besteak beste.
Plan Orokorraren edukia garatzeaz arduratu den erredaktore taldeak lana aurkeztu ondoren, Mundakako Udalak pauso barri bat emon gura izan du, eta herritarren partaidetza bultzatuko duen ekintzen proposamen bat onartu du azken udalbatzarrean.
Onartu barri duten proposamenean hainbat ekintza egitea aurreikusi dute. Proposamenen artean informazio bilerak egitea daude. Horietako bat Udal Planifikazio Batzordeari zuzendutakoa izango litzateke. Plana garatu duen talde erredaktoreak, teknikoak eta juridikoak, batzorde kideekin bilera egingo lukete HAPOren berrikusketa proposamenaren edukiak azaltzeko, baina batez be, helburuak zeintzuk diren jakinarazteko.
Proposamenean aurreikusten duten bigarren informazio bilera, herritarrei zuzendutakoa litzateke. Dokumentazio grafikoa eta idatzizkoa erabilita, HAPOren hasierako onarpenaren helburuak, edukiak eta zehaztapenak azaldu gura dizkiete herritarrei. Azaldu dutenez, Plan Orokorrean agertzen diren zenbait punturen gaineko azalpenak emon gura dituzte: inguru naturalaren babeserako gaiak, herriko etxebizitza eta ekipamendu garapenari buruz egin den diseinua eta Mundakako erdigune historikoaren tratamendua, besteak beste.
Herritarrei zabalik egongo den hitzaldi horren barri emoteko, tokiko komunikabideak erabiltzeko asmoa agertu dute, «herritarrak behar den moduan informatuta egon daitezen». Horretarako, gainera, tokiko kroniken bitartez, HAPOren berrikusketaren dokumentazioaren informazioa jaso ahalko dute herritarrek.
Azkenik, Plan Orokorraren hasierako onarpenaren dokumentazioarekin erakusketa bat egitea be aurreikusten dute. Dokumentazioaren eta eduki grafikoaren plano garrantzitsuenak erabilita, panel informatiboak egingo dituzte erakusketarako.