Umeen gizentasunaren arriskuaz ohartarazteko asmoz, Hamaiketako osasuntsuaren astea abiatu du Allende Salazarreko Guraso Elkarteak, eskolako zuzendaritzagaz,Agenda 21eko arduradunagaz eta irakasle eta ikasleekin batera. Gaur egin dute kanpainaren hasiera ekitaldia.
Guraso Elkarteak azaldu bezala, asteon atsedenaldietarako produktu osasuntsuak eroatera animatu dituzte eskolako umeak; Haur Hezkuntzako ikasleen artean, ostera, orain arte banatzen zituzten galleten ordez, ogia eta fruta banatzen hasiak dira.
Osasunator izeneko pertsonaia erabili du ikastetxeak aipatu kanpaina sustatzeko, eta etorkizunean egingo dituzten beste hainbat kanpainetarako be erabiliko dutela azaldu dute; izan be, elkarteak argi du «aste hau prozesuaren lehenengo urratsa izango dela, bai eskolan eta baita familietan ohitura osasuntsuak hartzeko eta beste faktore batzuen artean gaixotasun asko eragiten dituzten ohiturak saihesteko sentsibilizazio bezala».