Gizon bat atxilotu dute Bermeon, txoko batean lapurtzen ari zenean
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Bermeoko Artike kaleko txoko batean lapurreta egiten saiatzeagatik, 36 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean, 03:45 aldera.
Norbanako baten deiak ohartarazi du polizia. Artike kalean kokatuta dagoen txokora hurbildu dira orduan ertzainak, eta sarrerako kristala apurtuta zegoela ikusi dute. Atean zizel bat sartuta zegoen, gainera. Ikuskapena egin ostean, gizon bat aurkitu dute txokoaren barruan. Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, “gizonezkoak odola zerion zauri bat zuen besoan”. Txoko barruko tiradurak zabalik eta zenbait objektu lurrean botata zeudela ikusita gizonezkoa atxilotu dute.
Azaldu dutenez, atxilotuaren autoa zegoen txokoaren kanpoaldean. Autoak, odola zuen gidariaren eserlekuan.
Atxilotuak 36 urte ditu eta polizia aurrekariak ditu. Datozen orduetan epailearengana eroango dutela zehaztu dute Segurtasun Sailetik.