Gernika-Lumoko Bidebusa zerbitzuak zenbait aldaketa izango ditu aurrerantzean
2010eko irailetik martxan dagoen Bidebusa zerbitzuan aldaketa batzuk egingo ditu Gernika-Lumoko Udalak; hala, hemendik aurrera, esaterako, herrian zehar ibilbidea egiten duen autobusarentzako beste geltoki bi izango dituzte herritarrek, Santa Luzia auzoan. Aurrerantzean, gainera, Bidebusa ez da Lumoraino joango; dena den, zerbitzu hori taxi bidez eskainiko dute.
Udalak jakinarazi duenez, «2010. urtean 21.127 erabiltzaile izan zituen Bidebusak, eta 2012an, ostera, 84.553 erabiltzaile». Hala, zerbitzua «herritarren beharrizanetara hobeto egokitzeko eta handitzeko asmoagaz», egin dituzte aldaketok.
Aipatu geltoki barri biak Araba kaleko 7 zenbakiaren eta Zuberoa kaleko 16 zenbakiaren parean jarri dituzte. Horrez gain, goizeko lehenengo zerbitzuaren ordutegia aurreratu egin dutela be jakinarazi du udalak.
Bestalde, erabiltzaileen datuen arabera eta zerbitzuaren kostua aztertuta, Bidebusa Lumo auzoraino ez joatea erabaki du udalak. Halanda be, Lumoko auzotarrentzako zerbitzua bermatze aldera, taxi zerbitzua jarriko du, bertako bizilagunentzako. Hala, ordutegiak, ibilbideak eta kostuak berdinak izango dira aurrerantzean Lumoko bizilagunentza; dena den, aipatu zerbitzuaz baliatu nahi denak telefonoz deitu beharko du aurretiaz (94 625 10 02-658 70 83 58 edo 639 46 52 64 telefonoetara).