Bihar hasiko dira Nestor Basterretxearen artelanetatik bisita gidatuak
Bermeoko Udaleko Turismo Bulegoak herrian dauden Nestor Basterretxearen artelanak ezagutarazteko bisita gidatuak antolatu ditu. Martxoan eta apirilean egingo dira bisitak eta euskaraz eta gazteleraz egiteko aukera eskaintzen dute. Lehenengo bisita gidatua bihar egingo dute.
Hainbat dira Nestor Basterretxeak bere jaioterrian ikusgai dituen artelanak: Euskal kosmogonia, Hilargi Amandrearen Mamuak, Hilarriak, Olatua eta Benito Barruetaren omenezko monumentua. «Altxor» bat dela uste du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, horregatik haren ustez «oso interesgarria da horiek ikusteko eta ezagutzeko bisitak eskaintzea; bai bermeotarrei zein kanpoko bisitariei be», dio.
Euskaraz zein gazteleraz bisitatu ahalko dira Bermeon dauden Nestor Basterretxearen artelanak. Gazteleraz honako egunotan egingo dituzte: bihar eta martxoaren 28an eta apirilean 9an eta 20an. Euskarazko bisitak, barriz, martxoaren 23an eta apirilaren 2an, 13an eta 16an egingo dituzte, hain zuzen be.
Martitzenetan eta eguenetan diren bisitak 12:30ean hasiko direla jakinarazi dute. Bi egun horietako bisita gidatuetan, gainera, Olatua eta Benito Barruetaren omenezko monumetuak ikusi ahalko dituzte izena emoten dutenek. Zapatuan, barriz, bisita gidatuak 13:00etan hasiko dira.
Nestor Basterretxearen artelanak bisitatzeko asmoa dutenek derrigorrezkoa izango dute aurretiaz erreserba egitea Bermeoko Turismo Bulegora deituta (94-617 91 54) edota turismoa@bermeo.org helbide elektronikora mezu bat bidalita.