Papiroflexia eta buztina erabilita, baleen mundura hurbiltzeko aukera izango dute familiek
Busturiko Euskadiko Biodibertsitate Zentroak baleen mundu itsastarra ezagutzeko tailer familiarrak antolatu ditu. Buztina eta papiroflexia erabiliko dute zetazeon mundua ezagutzeko eta bost urtetik gora dituzten umeen familiek parte har dezake.
Martxoaren 24an izango da lehenengo tailerra, eta apirilaren 14an, barriz, bigarrena. 17:00etatik 18:30eara bitartean, familiek modu ludiko batean baleen mundu itsastarrera hurbiltzeko aukera izango dute. Tailerrak hiru zati izango ditu, bakoitzean eskulanak egiteko teknika desbardinak landuko dituztela jakinarazi dute. Halanda be, ildo bardina jarraituko dute; izan be, istorio baten kontakizun bat balitz modura antolatu dute tailerra. Hain zuzen be, nabigazioaren mundua, ozeanoa, baleen ehiza…aztertzeko aukera eskainiko du tailerrak.
Aipatu moduan, tailerrak hiru atal izango dute. Lehenengoan papiroflexia erabiliko dute. Paperezko itsasontzi bat egingo dute, «hori, halanda be, urperatu egingo da eta itsaspeko arkeologoek aurkitutako aztarna bihurtuko da», diote antolatzaileek.
Bigarren partean, istorio bardinarekin jarraituta, narrazioa eta tailerraren objektu fisikoak bateratzen joango dira, eta parte hartzaileek zetazeo baten diseinu sinple bat egingo dute papera erabilita.
Azkenik, bigarren zatian diseinatutako zetazeoa buztinean lantzeko aukera izango dute. Tailerrean landutako istorioei esker, martxoaren 19tik aurrera Madariaga Dorretxean ikusgai izango den Itsasoko soinuak: baleen kantua erakusketara hurbilduko ditu parte hartzaileak.
Bost urtetik gorako umeek dituzten familiek parte har dezakete tailerretan, eta gaztelaniaz izango dela azaldu dute.
Tailerrak 10 euro balio du eta parte hartu gura duten familiek derrigorrezkoa dute aurretiaz izena emotea 94-687 04 02 telefono zenbakira deituta.