Hainbat ilustrazio eta liburu ipini dituzte jendaurrean
Pintura, dekorazioa, eszenografia, kartelgintza, eskultura, atrezzoa… Hainbat dira Marimar Agirre Molinerok (Gernika-Lumo, 1976) jorratutako esparruak. Orain, Ilustrazioak izeneko erakusketaren bidez, bere fazetetako bat sortzen ikusi duen herrian bertan ipini du ikusgai betidanik artearen eta sormenaren munduagaz estu lotuta bizi den gernikarrak.
Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatu zen Agirre, Pintura sailean, eta Arte irakaslea da gaur egun Mertzede ikastetxean. Beste hainbat arlo baztertu barik, «duela hamar urte inguru» hasi zen hainbat idazle eta argitaletxerentzako liburuak marrazkiz janzten, adin ezberdinetako irakurleei zuzendutako 25 argitalpen baino gehiagotara iritsiz. Hain justu, urteetako lan horren lagin bat da Gernika-Lumoko Kultur Etxeak martxoaren 25era arte jasotzen duena.