Gero eta gutxiago Korrika 18 ailegatzeko
Ordu laurdeneko atzerapenagaz hasi zen ekitaldia atzo. Jendez bete zen Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkea. Eguraldi txarrak ez zituen euskalzaleak kokildu, eta 16:30ak pasatxo hasi zen lekukoa lehenengo kilometroak egiten. Kultur Parketik atera eta Andoainen barneratu zen, atzean ozen «ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Korrika» oihuaren oihartzuna utziz.
Dani Arizala irrati esatariak egin ditu aurkezpen lanak hasiera ekitaldian. Ostean, hizkuntza normalizazioa aldarrikatu zuen Oskar Elizburuk. «Horregatik diogu ozenki, eman euskara elkarri», esan zuen. Horixe da, hain zuzen be, aurtengo leloa, eta euskara ikasleei eskaini diete.
Administrazioei deia be egin zieten: «Ez daukanak be aukera emon behar dio erabili nahi duenari». Euskara jakiteak ikasten duenari mesede egiteaz gain, ingurukoei be mesede egiten diela argudiatu zuten, euskaraz egiteko aukera eskaintzen duelako. Administrazioei, horregatik, euskara ikasteko erraztasunak eskatu zizkieten.
Lehen pausoak emonda, 2.587 kilometro geratzen ziren Baionara ailegatu arte. Gero eta gertuago dago Korrika 18. Busturialdetik sartuko da gurera, Bermeotik, martxoaren 22an, 21:01ean. Lea-Artibaira Ispastertik ailegatuko da martxoaren 23an, 02:51 aldera. Lea-Artibai zeharkatuta, Mutrikun 09:23an egingo du sarrera.
Txikienak, pausoz pauso
Datorren aste amaiera ailegatu bitartean, baina, etenik barik egingo dira Korrikaren inguruko ekimenak. Tartean egongo dira Korrika Txikiak. Ohi bezala, Ondarroan Korrika ailegatu aurreko domekan egingo da. Hortaz, etzirako (martxoak 17) egin dute hitzordua herriko ikastetxeek. 11:15ean, Kamiñazpiko goiko autobus geltokian alkartuko dira umeak, eta ibilbideak aurrera egin ahala, gehitzen joango dira aringa-aringalariak. Musika Plazaraino joango dira korrikan, eta han herriko umeek parte hartuko duten jaialditxo bat ospatuko da euskara elkarri emonda.