EAJren eta Bilduren artean tirabirak sortu dira barriro San Martineko babespeko etxebizitzengatik
San Martin auzoko Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) azken bi solairuen eraispenak liskarrak sortzen jarraitzen du Bermeoko Udaleko bi alderdien artean. Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) Bilduren jokaerak bi solairuen eraispena «erraztu» duela berretsi du. Udal gobernuaren asmoa EAJren kudeaketa zalantzan ipintzea dela salatu dute beste behin be, eta «herritarren interesen gainetik, interes politikoa gailendu dela» nabarmenduta. Udal Gobernuak, barriz, oposizioa «errudunak bilatzen» dabilela kritikatu du «irtenbideak bilatu barik».
Epaileak 3,4 milioi euro ordaintzera behartu du Beruala, bi urtetan proiektuaren modifikazioa eskatzen ibili diren arren, eskatutakoa ez betetzeagatik. Berualako Administrazio Kontseiluak, barriz, « mota guztietako erantzukizunak argitze aldera», auzia epaitegien esku uzteko erabakia hartu du. EAJren ustez erantzukizun guztia Bildurena da, «udaleko teknikarien eta juristen kriterioak baztertuta, interes pribatuen alde egin baitu».
Joan den urteko uztailean Bilduk udal araudia aldatu zuela azaltzen dute EAJko zinegotziek. «Kale bat zena, lorategi bihurtu zuten eta modu horretan Ibarretas XXI enpresa pribatuak aurkeztutako eraispen proiektua legezko bihurtu, BOEn hasierako proiektua legez kanpo utzita».
Alegaziorik barik
Babespeko etxebizitzen eraikin horreri 2009. urtean emon zioten lizentzia, «prozedura legal guztiak bete ondoren eta alegaziorik jaso barik», gogorarazten du oposizio taldeak. Liskarra, baina, Babes Ofizialeko Etxebizitzetako hehargin baten akats baten ondorioz hasi zen. Ibarretas XXI enpresa pribatua ondoan egiten ari zen etxe pribatuen lursailean kalteak eragin zituen.
Egoera desblokeatzeko asmoz, Ibarretasek hitzarmen bat sinatzea proposatzen duela azaltzen du EAJk. «Kalteek sortutako segurtasun arazoei aurre egiteaz gain, BOEn proiektuan aldaketa batzuk egiteko klausula bat sartzen du Ibarretas enpresak, zeinetan eraikinaren kotak aldatzea eskatzen zuen». Hitzarmen hori Ibarretas XXI-k, udaleko aholkularitza juridikoagaz arduratzen den enpresako (Ekain) prokuradoreak eta Construcciones Ganekok (babespeko etxebizitzen promotorea) sinatzen dute. Bezperan, halanda be, Berualak prokuradoreari baldintza horietan hitzarmena ez sinatzea eskatzen diola jakinarazi dute, «baina hitzarmena sinatu egiten da», diote EAJtik. «Arduradun politikorik zein teknikorik barik sinatu zen hitzarmena», diote. Epailea orduan, hitzarmenean sinatutakoa betetzeko agindua emoten hasten da.
Nahiz eta EAJk ezeztatu, 2009ko azaroaren 2an egin zen bileran eta baita 2010eko urtarrilaren 21ean aldeen arteko hitzarmena sinatu zenean, orduko Berualako zuzendaria zena egon zela dio udal gobernuak. «2010eko urriaren 22ko aktan Berualako zuzendari zenak lanak eteteko erabaki judizial bat dagoelaren barri emoten du eta alkate ohi Xabier Legarretak auziari irtenbidea emoteko teknikariekin lanean dagoela erantzuten du. Baina lanekin jarraitzen dute», adieratzen du udal gobernuak.
Hiru modifikazio proiektu aurkeztu
Gatazkarekin amaitu guran, Berualak modifikaziorako bi proiektu egin zituela azaldu du EAJk, «orduko araudia kontuan izanik, legearen aurkakoak ziren biak».
Josan Apraizek (Eusko Alkartasunako hirigintza zinegotzi eta Berualako zinegotzi delegatua 1991tik 2011ra) diseinatutako hirugarren proiektu bat aurkeztu zuen Ibarretas enpresak, «hori be, legearen aurkakoa zen udal arkitektoaren eta arau subsidiarioen arabera». Halanda be, 2012ko uztailean legea aldatzeak, proiektu hori legezko bihurtu zuela aipatu dute jeltzaleek.
Udal gobernuak egin duen guztiaren helburu bakarra «EAJren kudeaketa zalantzan ipintzea» dela uste dute jeltzaleek eta beraiek erabakiak «beti txosten teknikoetan eta juridikoetan oinarrituta» hartu dituztela gaineratu dute.
Udalak barriro jakinarazi du Berualak San Martineko 2. partzelako eraikineko etxebizitzak akordioan jasotakoa bete barik egin dituela , «eta erabaki judizialei kasu egin barik».Orain, irtenbideak bilatzeko garaia dela uste dute, EAJ egiten ari den gauza bakarra «errudunak» bilatzea dela kritikatuta.