Nerea Goiria muxikarra
Ahotsak ahanzturan dagoena bistaratzeko balio du. Hilda zegoen zerbait biziberritzeko tresna bikaina da. Ahotsa erabiliz, berba egiten da, eta berba eginez historia idazten da. Sarri, iraganean bizi izan ziren horien ahotsengatik izango ez balitz, historia eraikitzea ezinezkoa litzateke. Euskal Herrian be euskaldunen ahotsen garrantziaz jabetu ziren duela hamar urte, eta bertoko historia ahaztua azaleratzeari ekin zion Ahotsak egitasmoak. XX. mendearen lehen erdian Euskal Herriak aldaketa bortitz bat jasan zuen arlo politikoan zein sozialean, baina aldaketa hori jasan zuten herritarrak alboratu egin zituzten, pertsona horien historiak baliorik ez balu bezala.
Memoria historikoa eta euskara ardatz hartuta, Ahotsak egitasmoa 2003an hasi zen XX. mende hasieran jaiotako euskal hiztunei berba emoten. Izan be, historia berreraikitzeaz gain, proiektuaren helburuetako bat garai hartako euskara bizirik mantentzea zen. Hala, orduko euskara ahanzturan gal ez dadin, hiztun ahaztu horien ahotsen doinuak batzen hasi ziren.
Nerea Goiria muxikarra Ahotsak egitasmoko kidea da, eta bertoko hainbat euskal hiztun elkarrizketatu ditu dagoeneko. Jakinarazi duenez, Busturialdean eta Lea-Artibain herri guztietako testigantzaren bat batu dute. Halanda be, oraindik ez dituzte elkarrizketa guztiak
www.ahotsak.com webgunera igo, azken helburua datu guztiak herritarren eskura jartzea izan arren.
Busturialdean, Lea-Artibain eta Mutrikun 425 elkarrizketa egin dituzte, eta 4.096 pasarte argitaratu dituzte, momentuz. Halanda be, hainbat pasarte, bideo eta audio ez dituzte argitaratu oraindik. Hain zuzen, bertoko hamabost herritako datuak falta dira orain arteko informazio bilketa osatzeko.
Goiriaren ustez, «esperientzia oso aberasgarria» izaten dabil. Euskal Herriko XX. mende hasierako historia eta euskara zaintzea ezinbesteko lana dela deritzo muxikarrak. Alde batetik, 36ko gerra eta frankismoa jasan zituzten pertsona horiek. Bestetik, gizarte aldaketa handi bat bizi izan zuten, baserritik kalera salto eginez. «Azken finean, antzinako eta gaur egungo munduaren arteko talkaren erdian egon dira».
Ahotsakeko kideek eta laguntzaileek gaur ospatuko dute egitasmoaren hamargarren urteurrena. Hain zuzen, eskertza jaialdi bat egingo dute Elgetako Kafe Antzokian. 18:00ean hasiko da ekitaldia, eta amaitutakoan lunch-a egingo dute bildutakoek. Goiriak jakinarazi duenez, deialdia zabala da. Hala, parte hartzeko deia egin du.
Bestalde, datozen egunetan egitasmoaren webgune barria jarriko dute martxan. Bost urte bete dituela eta, zenbait aldaketa egingo dituzte webgunean.