Apirilean, berdintasunarekin lotutako ikastaroak emongo dituzte eskualdean
Aurten be, Berdinbidean Bizkaiak berdintasunaren gaiarekin loturiko doako prestakuntza-ikastaroak eskainiko ditu zenbait udalerritan, Berdineskolaren baitan; beste hainbaten artean, Gernika-Lumon, Bermeon eta Markina-Xemeinen.
Herritarren artean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapena, sentsibilizazioa, partaidetza eta inplikazioa lortzeko eskola da Berdineskola.
Apirilean zehar egingo dituzte aipatu ikastarook; hain zuzen, Markina-Xemeinen apirilaren 12an eta 13an, Bermeon apirilaren 19an eta 20an, eta Gernika-Lumon, ostera, apirilaren 26an eta 27an. Dena den, aurretiaz izena emon beharko du horietan parte hartu nahi duenak. Hain justu, bihar, barikua, izango du apuntatzeko azken eguna. Horretarako, berdinbideanBizkaia@bizkaia.net helbidera mezua bidali edo 605 706 268 telefonora deitu beharko du interesatuak. Halanda be, gutxiengo izen emoteak lortuko ez balira, ikastaroak bertan behera geratuko liratekela azaldu dute antolatzaileek.
Egitaraua
Busturialdea
Gernika-Lumo. Gatazkak: bitartekotza eta eraldaketa emakumeei zuzendutako ikastaroa gaztelaniaz, Bakearen Museoan. Apirilaren 26an ,16:00etatik 20:00etara, eta, apirilaren 27an, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.
Bermeo. Emakumeen historia: kontatu ez digutena ikastaroa gaztelaniaz, Bermeoko kultur etxean . Apirilaren 19an 16:00etatik 20:00etara, eta apirilaren 20an, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Lea-Artibai
Markina-Xemein. Gazteria eta emakumeenganako indarkeriaren prebentzioa ikastaroa emongo dute euskaraz, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Apirilaren 12an 16:00etatik 20:00etara, eta apirilaren 13an, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.