
Artxiboko irudian, ipuin lehiaketaren sari banaketetako bat
6 eta 12 urte arteko umeei zuzendutako ipuin lehiaketa antolatu du Gautegiz Arteagako Udalak, sormena piztea eta irakurzaletasuna eta idazteko zaletasuna sustatzea helburu. Hamazortzigarrena izango da aurtengoa.
Maila ezberdinak bereiztu ditu udalak. Hala, 6 eta 7 urteko umeek, gehienez, orrialde bat bete beharko dute, eskuz idatzita eta marrazki bat barne. 8 eta 9 urtekoek bigarren mailan parte hartuko dute, eta orrialde bi egin beharko dituzte, marrazkia kontuan hartuta. Azkenik, 10 eta 12 urte artekoak hirugarren maila batean egongo dira, eta horiek be bi orrialde bete beharko dituzte, marrazkia barne. Azken bi kategoria horietan ordenagailuz idatzitako lanak be onartuko dituzte.
Martxoaren 22ra arteko epea edukiko dute Gautegiz Arteagako umeek beren lanak Aretxederreta Kultur etxean aurkezteko. 16:30etik 20:30era eroan beharko dituzte ipuinak. Sari banaketa apirilaren 13an egingo dute, 18:00etan, kultur etxean bertan.