Gernika-Lumoko industriagunea aktibatzeko proposamen zehatz bat egingo du Bilduk alkateen batzarrean
Gernika-Lumoko industriagunearen inguruan adostasun batera iritsi asmoz, gaur batzartuko dira berriro eskualdeko alkateak. Busturialdeko Bilduk jakinarazi duenez, proposamen zehatz bat eroango dute koalizioko ordezkariek, industriagune hori aktibatzea helburu.
Gernika-Lumoko industriagunea berraktibatzea ezinbestekoa dela adostu zuten aurreko batzar batean eskualdeko hautetsiek. Izan be, 58 hektarea dauzka industriagune horrek, horietako hemeretzi erabili barik daudelarik. Bilduren iritziz, hutsik dauden pabiloiak, abandonaturiko eremuak eta azpierabilita daudenak aktibatu egin daitezke. “Egoera sozioekonomiko larri honetan eta gure eskualdean lurzori industrialari dagokionez dagoen eskasia ikusita, arrazoizkoena jadanik industrialak diren eta eraldatuta dauden lurren erabilpena bultzatzea eta sustatzea da”. Hari horretatik, esku-hartze publikoak industriaguneari butzada eman behar diola adostu zuten alkateek. Alde batetik, kalitateko urbanizazioa, sarbideak eta hornidurak dituen poligonoa eskaintzeko, eta, bestetik, lurzorua salneurri eskuragarrian eskaintzeko.
Busturialdeko EAJk, bere aldetik, Gernika-Lumoko industriagunea berpizteko eskaera egin zion joan den astean Bizkaiko Foru Aldundiari. Hain zuzen, mahai-tresnerien lantegi zaharretan industria proiektu bat martxan jartzea eskatu zioten Imanol Pradales Sustapen Ekonomikorako diputatuari. Izan be, egitasmo barri bat martxan jarriz gero, Gernika-Lumoko ibarreko industriagunea biziberrituko litzatekeela deritzote jeltzaleek, eskualdeko ekonomia suspertzeagaz batera.
Otsailaren 5eko batzarrean adostutakoari jarraiki, Gernika-Lumoko industriagunea berpiztearen inguruan adostutakoa be aldundiari jakinarazi zioten Busturialdeko alkateek.