Egunotan 127 zuhaitz landatuko dituzte herriko ikastetxeek
Bihartik barikura bitartean, Gernika-Lumoko ikastetxeek bertoko 127 zuhaitz landatuko dituzte, zazpigarren Zuhaitz Egunagaz bat eginda. Hain zuzen, Allende Salazar ikastetxean, hilerri inguruan eta itsasadarraren alde bietan landatuko dituzte egunotan aipatu zuhaitzak.
Udalak jakinarazi duenez, «naturaren garrantzia eta ingurumenarekiko begirunea sustatzearen garrantzia» gogorarazi nahi dute ekimenean parte hartuko dutenek. Behar horretarako, landatzeko teknikak irakatsiko dizkieten adituen laguntza izango dute ikasleek.
Hain justu, Allende Salazar ikastetxekoek bi eta hiru metro arteko hogei zuhaitz landatuko ditu egunotan bere eremuan: haritza, gaztainondoak, haltzak, lizarrak, urkiak, elorri zuriak eta makatzak, besteak beste. Bestalde, Seber Altubeko ikasleek bihar 10:00etatik aurrera, hilerriaren inguruan, 80 zentimetro eta 1,5 metro arteko 30 erramu eta 10 gorosti landatuko dituzte.
San Fidelekoak eta Mertzedekoak, ostera, eguaztenean 09:15ean eta barikuan 10:20an hartuko dute parte zuhaitzen landaketan. Horiek itsasadarrean –500 metroko tartean– ibiliko dira; alegia, Uharte kalearen eta Golako kalearen artean. Bertan 30 haritz eta 30 haltz landatuko dituztela esan du udalak.