
Orain dela urtebete inguru atxikitu zen Udalbiltzara Idurre Bideguren (Bermeo, 1979) alkatea, Bermeoko Bilduren beste zinegotziekin batera, Udalbiltza birsortzeko lanean hasi zirenean. Orain dela aste bi nazio gobernukide izateko eskatu zioten. Erronka onartuta, Galdakaoko eta Getxoko ordezkariekin batera, Udalbiltzako Bizkaiko kidea da.
Hiru herriei erreparatuta, errealitate eta ikuspuntu politiko ezberdinetako jendea batu gura izan dutela dio Bidegurenek. Alkar oraindik behar modura ezagutzen ez dutela azaldu du, martxan hasteko gogoa daukala aitortuta. “Ea talde ona egiten dugun. Zapatuan Donostian egon ginen, baina ez dugu alkar ezagutzeko aukerarik izan. Zapatuan dago lehenengo bilera”.
Udalbiltzari zer emon ahal dion galdetuta, argi dauka: “Udal kudeaketa herrira begirakoa da gehiago, baina, era berean, ezin gara ahaztu herri bat egiteko gaudela, nazio bat egiteko gaudela. Udaletatik erakundeekin lanean gaudenean, ikusten da herri eta nazio ikuspuntu hori galdu egiten dela. Emoten du Bizkaiak eta Gipuzkoak ez daukatela zerikusirik, eta zer esanik ez Nafarroak eta Ipar Euskal Herriak”. Zatiketa politiko eta administratiboak nazio izaeraren galera dakarrela iritzita, Udalbiltzak ikuspuntu hori edukitzen lagunduko diola pentsatzen du. “Azkenaldian Madrildik datozen neurriek estutu egiten gaituzte, eta gero eta tarte txikiagoa daukagu lanerako. Batzuek uste zuten gure herria geure lege historikoek babestuko zutela. Geure kabuz geure herria egiten hasten gara, edo etorkizuna gero eta ilunagoa ikusten dut”. Gauden garaiari aitamena eginda, esan du “inoiz baino garrantzitsuagoa” irizten zaio euskal herritarrek Euskal Herria egitea.
Nazioa herrietatik egiten dela eta udalek herritarrak mobilizatzeko aukera daukatela dio: “Nazio bat garela eta nazio moduan, geure berezitasunak, geure sozio-ekonomia, geure kultura daukagula erakutsi behar dugu munduan”.
Udalbiltzak, gainera, Euskal Herria hobeto ezagutzea ekar diezaiokeela uste du. “Holako erakunde batean parte hartzeak beste udalerri batzuk, beste errealitate batzuk ezagutzen laguntzen dizu. Politikaren beste dimentsio bat ezagutuko dut. Oso aberasgarria izango da”.