
Irabazle guztiak familia argazkian
Gaur goizean banatu dituzte MundakaTubes txapelketako bigarren edizioko sariak eta Iker Fuentes, Txaber Trojaola eta Alex Gironi surflariek jaso dituzte lehenengo, bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren. Surflariak ez ezik, horiek grabatzen aritu diren kameralariak be saritu dituzte. Sari banaketa ekitaldia gaur goizean egin dute Mundakako Kasinoan.
Aurten, gainera, umeek be parte hartu ahal izan dute II. online surf txapelketan marrazkiak eginez eta marrazkirik onenek be sariak jaso dituzte. Horrela, Mundakako eskolako marrazkirik onena Ibai Jaiorena izan da, eta Mundakakoa ez den beste eskoletako marrazkirik onena Nerea Aranguenarena aukeratu dute.
MundakaTubes online surf txapelketak Mundaka eta ezker olatua nazioarte mailan zabaltzea du helburu nagusi. Horren bitartez, eta nahiz eta edozein surflarik parte har dezakeen, «munduko surflari onenak erakartzen saiatzen» direla aipatu du Mundakako alkate Aitor Egurrolak.
Publikoaren aldetik aurten, iaz baino parte hartze handiagoa izan dela nabarmendu du Egurrolak, lehiaketaren webguneak 25.000 bisita baino gehiago jaso dituela gaineratuta, «bisiten hiru laurdenak Espainiatik kanpokoak izan dira, gehienak Ameriketako Estatu Batuetik (AEB) egindakoak, hortaz hurrun iristen gara».
Publikoak
www.mundakatubes.biz webgunean emon dituen botoei esker, txapelketaren hirugarren saria lortu duen Alex Gironiren bideorantzat izan da aurtengo publikoaren saria.
Bestalde, aurten MundakaTubesen baitan antolatu duten marrazki txapelketaren bitartez, umeek Mundakako olatuari buruz duten iritzia jakin ahal izan dutela azaldu dute. Hainbat izan dira aurkeztu dituzten marrazkiak, eta guztiak «oso politak» izan direla aipatu du Mundakako alkateak: «Marrazki guztietan surflaria tutuaren barruan zegoen, eta ez marrazki bizidunetan agertzen diren moduan, tutu gainean. Horrek esan gura du bertoko eta inguruko umeek surfaz badakitela». Bi sari banatu dituzte eta Ibai Jaiorentzat eta Nerea Aranguenarentzat izan dira.