Ibilaldiko kanpainarako oinarri grafikoak lantzeko tailerra egingo dute zapatuan
2014ko Ibilaldiko kanpainarako oinarri grafikoak irudikatu eta lantzeko tailerra egingo dute zapatuan Seber Altube Ikastolakoek. Hain zuzen, 10:00etan hasi eta 12:00etara arte ariko dira horretan, ikastolan bertan.
Ikastolakoek azaldu dutenez, «asmoa ez da egunean bertan logotipo batekin ateratzea, Ibilaldiaren leloarekin zabaldu nahi dugun mezuaren eta egingo ditugun ekintzen baliabide grafikoak izango direnen lehenengo frogak egitea baino». Tailerra di-da branding agentziako kideek gidatuko dutela azaldu dute; hala, jasotako materiala landuko dute, «Ibilaldiaren irudi nagusia sortuz eta kanpaina hainbat euskarritara eroanez».
Bost taldetan banatuko dituzte bihar Seber Altubera bertaratzen diren ume, gazte zein helduak. Hala, taldeka sormena landuz kartulinetan irudikatzeari ekingo diote; gerora, guztien artean parnkarta bat egiteko.
Tailerra bideoz be grabatuko dute ikastolakoek, «2014ko Ibilaldiaren irudigintzaren sorrera eta garapena bilduko duen bideo bat osatzeko eta berori egiteko landutako bide parte hartzailea erakusteko»; izan be, parte hartzea Ibilaldi osoaren oinarrietako bat izango dela gogoratu dute.
Bideo hori, gainera, hainbat erabileratarako be baliatu ahal izango dutela diote Seber Altubekoek; hala nola, «aurkezpen ekitaldien aberasgarri, kantaren bideokliperako zein telebistako iragarkietarako artxibo moduan…».