
Busturialdeko Gazteria Zerbitzuaren estrategia eta logo barriaren aurkezpena, Gautegiz Arteagan.
Logo berria du, eta estrategia barriak ditu. Busturialdeko Gazteria Zerbitzua da. Gazteen bizi kalitatea hobetze aldera eta programa oso bat bilatzeko asmoz, barritasunekin dator aurten Busturialdeko herri txikien gazte plana.
Irudi bat baino gehiago aurkeztu du Busturialdeko Gazteria Zerbitzuak. Hain zuzen, Urremendi Landa Garapen Agentziak koordinatuta, Arratzu, Bermeo, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalak gazteen talde, eskualde eta etorkizun sentimendua islatzen duen logoaren atzean behar egiteko prest agertu dira. Hamar herri dira egun, baina gehiagoren parte hartzea be pozik hartuko lukete.
Helburuak argi dituzte, eta baita proiektuaren ardatz estrategiko barriak be. Gaztedi Bizkaia proiektuaren baitan bildurik, burujabetza (autonomia eta emantzipazioa), “gure estiloa” deritzona (gizarte eraketa) eta lurralde aktiboa (parte hartzea) dituzte aipatu estrategiek oinarrian. Alegia, ikuspegi oso bat garatzea izango dute helburu; betibe, ardatz nagusia esfortzuak batzea izanik.
Gazteria Zerbitzuak helburuen aitorpen bezala du Gaztedi Bizkaia, azken horrek lan metodo bat proposatzen duelarik. Hain zuzen, baliabideak optimizatzea eta antolatzea proposatzen du.
Dagoeneko Busturialdeko Gazteria Zerbitzuak aurkeztu ditu etorkizunerako jokabide ardatzak; Gautegiz Arteagan egin du aurkezpena, 14 eta 30 urte bitarteko herritarren aurrean.
Joseba Malle: “Dagoen ibilbideari jarraituko diogu, barritasunak eta onurak erantsiz”

Herri txikietako gazteei laguntza eskaintzea helburu hartuta, hamar udalerriren konpromisoa mantendu eta indartu egingo du Busturialdeko Gazteria Zerbitzuak. Hala dio Joseba Mallea presidenteak.
Ibilbide barria hasiko du Busturialdeko Gazteria Zerbitzuak. Zelakoa izango da ibilbide barri hori? Zein barritasun ekarriko ditu?
Ibilbide barria barik, dagoenari jarraituko dio, barritasunak eta onurak erantsiz. Herrien arteko elkarlana izango du helburu proiektu barri honek. Gaur egungo egoera ekonomiko hain latza ikusirik, indar guztien batuketa behar da aurrera egin ahal izateko. Hori dela eta, hamar udalerriren konpromisoa mantendu eta indartu egingo du eta, nola ez, beste udalei be gonbidatzen die proiektu honetan parte har dezaten.
Zein helburugaz berrantolatu duzue Busturialdeko Gazteria Zerbitzua?
Egoera ekonomikoak estrategia barriak planteatzera eraman gaitu. Proiektu barri honen helburua herri txikietako gazteei laguntza eskeintzea da, lan mundura begira edota bestelako ekimenetara begira. Gazteek proiektu hau erreferente gisa izan dezaten lortu nahi dugu. Eta, nola ez, gazteak direla ezin dogu ahaztu eta, hori dela eta, aisialdirako jarduerak be kontuan izan ditugu.
Zein izango da gazteria zerbitzuaren beharra?
Busturialdeko Gazteria Zerbitzuak lidergoa bilatu nahi du Busturialdeko gazteen artean, beraien arteko hartuemona denborarekin finkatuz. Hau da, eskualdeko gazteengan erreferente bihurtu behar da proiektu hau. Horretarako, gazteria zerbitzuaren lana Busturialdeko gazteekin batera euren beharrizanak zeintzuk diren bilatzea da, eta horiei eraginkortasunez erantzuteko baliabideak optimizatzea eta antolatzea.
Zer-nolako ekitaldiak antolatuko dituzue urtean zehar?
2012. urtean hainbat ekitaldi egin ditugu eta 2013. urtean be beste hainbat gauzatuko ditugu. Betibe, gazteen arautu gabeko formakuntzan sakondu nahi dugu. Adibide gisa aipa daitezke garapen pertsonalean sakontzeko taldekako lana, elkartrukeak, sukaldaritza ikastaroak, Lana bilatzea lana da egitasmoa… Horretara zuzenduko dira gazteria zerbitzuaren indarrak.
Estrategia barriekin dator gazteria zerbitzua. Zeintzuk dira estrategia barri horiek?
Gazteria zerbitzutik uste dugu, hamar udaletxeen indarrak batuz gero, emaitzak hobeak izango direla; batez be, bizi dugun egoera ekonomikoaren aurrean prest egoteko. Estrategia barriaren oinarriak gazteen bizi kalitatea hobetzea –eskubide osoko herritarrak diren heinean eta dituzten beharrizanak kontuan hartuta– eta programa integral bat bilatzea dira, gaur egungo gazteriaren errealitatea zeharkakotasunez landuz.
Logo barria be badu. Zer islatzen du logo horrek?
Logo barriak ‘Taldea’ adierazi nahi du; alegia, denon artean eraiki beharreko proiektua, ilusioz eta esperantzarekin, inongo diskriminaziorik gabe. Hori da logo berri horren esanahia. Busturialdeko Gazte Erreserba-Busturialdea Team logo barriak Busturialdeko gazteen talde, eskualde eta etorkizun sentimendua islatzen du.
Zure ustez, zein da gaur egungo gazteriaren errealitatea?
Nire iritziz, nahiz eta egungo egoera ilun agertu, dauden aukerak aprobetxatzen jakinez gero, gazteek aurrera egingo dute; izan be, beste aukerarik ez daukate. Jarrera positiboa zabaldu behar da. Hori da Busturialdeko Gazteria Zerbitzuaren beste helburuetako bat.
Zein modutan lagunduko du Busturialdeko Gazteria Zerbitzuak gazte horien beharrak asetzen?
Programa integral bat bilatzen dugu, kontuan hartuta gazteek bizi kalitatearen arlo ezberdinak hobetzeko ekintzak beharrezkoak dituztela. Aldaketarako momentu honetan, funtsezkoa ikusten dugu gaztearen errealitatea jorratzea zeharkakotasun eta osotasun irizpideetatik, eta ez bakarrik aisialdiari lotuta. Busturialdeko Gazteria Zerbitzuak eskaintza eta hurbiltasuna ditu nagusi bere ibilbidean; gaur egun, nire ustez, beharrezko diren ezaugarriak. Gainera, egitasmoaren ibilbide barri honetan koordinazio mahaia sortu dugu Gernika-Lumo eta Bermeogaz batera, mahai honetan parte hartzen duten herrietako gazteei erantzun eraginkorragoa emoteko helburuagaz.