
Euskal Herria eta euskal gatazka aztergai dituen Jon Maiak zuzendutako Gazta zati bat dokumentala ardatz, musika proiektu berri bat mamitu dute Esne Beltzako Xabi Solanok eta Zigor DZk. Hain zuzen, Korrika Kulturalaren barruan, herriz herri ari dira aurkezten dokumental horren soinu banda, eta datozen egunetan Busturialdera eta Lea-Artibaira dakarte musika, irudiak eta zuzeneko sorkuntza nahasten dituen ikuskizuna, “begi-belarriei bidaia berri bat proposatuz”.
Keu Agirretxea musikari ondarrutarra, Aitor Zabaleta Esne Beltzako baxu jotzailea eta Udane Juaristi margolaria izango dituzte Solanok eta DZk bidelagun, eta denak elkarrekin azalduko dira Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiko eta Ondarroako Kafe Antzokiko oholtza gainera, “gazta zati baten bidaia musikaz jantzi duten abestien doinuak proposamen zahar berriekin uztartuz”.
2012. urtekoa da bere istorioa munduan bere gaztagatik ezaguna den Euskal Herriko herri txiki batean abiatzen den dokumentala. Europako indarkeriazko azken gatazka politikoaren zauri eta banaketa guztien gainetik, misio handi bati ekingo diote herritar xume batzuek: munduan zer izan erabaki ahal izatea. Abentura horrek Europan albiste nagusi bihurtuko diren bi herrien gertakizun historikoen lekuko zuzenak izatera eroango ditu: Eskozia eta Euskal Herria.
“Goxoa eta lasaia”
Korrika Kulturalak Gernika-Lumora eta Ondarroara dakarren ikuskizuna dokumental horretatik sortutakoa izan arren, Gazta zati bat laneko musika baino gehiago ari da eskaintzen boskotea, izen bera duen ikuskizunean. Hala, dokumentaleko musika ez ezik, Keu Agirretxearen abesti batzuk –Idazten dizudanean eta Jantzi urdina, esaterako– eta Esne Beltzaren moldatutako abestiren bat edo beste sartu dituzte saioetan, emaitza ordu eta laurdeneko emanaldi “goxo eta lasaia” izanik. Udane Juaristik, bere aldetik, kontzertuak iraun bitartean, marrazki desberdin bat egiten du saio bakoitzean.
Domekan izango da Gernika-Lumoko saioa, eta hilaren 17an Ondarroakoa.