
Iaz El Salvadorren kontra jokatutako partida bat
Ohorezko mailako taldeek atseden hartzeko aukera izango dute asteburuan, baina Bizkaia Gernikak ez. Basurdeek Amlin Challenge txapelketaren harira atzeratutako partidetako azkena jokatu beharko dute, El Salvadorren kontra. Arazo ekonomikoak direla eta, Gernika-Lumoko taldeak jokalari garrantzitsuak galdu ditu, baina jokalari horiek barik be, talde sendoa direla erakutsi zuten bertokoek Kopako finalaurrekoetako joaneko partidan. Partida hartan, Ampo Oridizia hartu zuten menpean etxetik kanpo.
El Salvadorren kontra be, Urbietatik urrun jokatuko du Bizkaia Gernikak. Hain zuzen, Valladoliden (Espainia) neurtuko dituzte indarrak bi taldeek. Zapatuan jokatuko dute 16:00etatik aurrera.
Basurdeek asteburuko partida irabaziz gero, lidergoa berreskuratuko luke bertoko taldeak. Izan be, VRACek bakarrik bi puntu gehiago ditu sailkapen orokorrean. El Salvador, bestalde, seigarren sailkatua da. Gaztelarrak play-offetako borrokan sartuta daude. Hala, garaipena etxean geratzea gura izango dute.