Hamar plaza publiko erreserbatu ditu Mundaka Udalak Geure Etxea egoitzan
Mundakako Udalak Geure Etxea nagusien egoitzan hamar plaza publiko erreserbatu ditu, bai herritarrentzako zein Bizkaiko gainontzeko biztanleek erabili dezaten. Horretarako, Udalak eta Fundacion Santo Hospital y Asilo de Caridad-ek kolaborazio hitzarmena sinatu dute.
Mundakako Udaletik azaldu duten moduan, «herriko nagusiak zaintzeko gizarte zerbitzuen politika integrala eta aurreratua mantentzen dugu». Hori dela eta, udalaren ustez, «ezinbestekoa» da herritarrei beharrezkoak dituzten baliabideak eta tresnak eskaintzea.
Joan den astean egindako osoko bilkuran onartu zuten kolaborazio hitzarmenak, herriko Geure Etxea nagusien egoitzan hamar plaza publiko gordetzea bermatzen du.
Plaza horiek, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza sailak aipatutako pertsona erabiltzaileek bakarrik erabil ditzaketela zehazten du hitzarmenak. Jakinarazi dutenez, okupatutako plaza bakoitzeko Mundakako Udalak 75,71 euro ordainduko du eguneko, eta 2013ko abenduaren 31ra arte luzatzen da hitzarmena.