
Gernika-Lumoko Garbigunea
Bizkaiko Foru Aldundiak asteon emandako datuen arabera, hiri-hondakinen sorkuntza, bilketa hautakor eta tratamenduari dagozkien datuak baikorrak izan dira 2012an, hobera egin baitute 2011koekin alderatuz gero. 2012. urtean, guztira, 620.000 tona hondakin bildu zituzten Bizkaian, 2011n baino 8.000 tonatik gora gutxiago. Hiri-hondakinetako asko Garbiguneetan jasotzen ditu aldundiak eta, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko gune garbiei erreparatuz gero, iaz batutako kopurua 2011koa baino txikiagoa izan dela nabarmendu daiteke.
Bost dira Lea-Artibain eta Busturialdean dauden Garbiguneak, eta bosten artean 2.976.495 kilo hondakin bildu zituzten 2011n. Iaz, aldiz, 2.933.017 kilo eroan zituzten erabiltzaileek Amorotoko, Bermeoko, Gautegiz Arteagako, Gernika-Lumoko eta Markina-Xemeingo garbiguneetara. Horrenbestez, 43.478 kilotan murriztu da puntu horietan batutako zenbatekoa.
Datuak Garbigunez Garbigune aztertzen hasita, Bermeokoak eta Gernika-Lumokoak ez beste guztiek batutako hondakin kopurua murriztu dutela ondoriozta daiteke. Amoroton, adibidez, 553.777 kilo bildu zituzten 2011n, eta 471.995 kilo 2012an. Gautegiz Arteagan 336.270 kilo zenbatu zituzten duela urte bi, eta 334.792 iaz. Azkenik, Markina-Xemeinen 329.419 kilo jaso zituen aldundiak 2011n, 2012an 291.804 izan diren bitartean.
Batutako hondakin kopuruan gora egin duten bi Garbiguneak erabiltzaile gehien dituztenak dira. Bermeokoak 974.023 kilo bldu ditu 2012an, eta 957.028 izan ziren 2011n jasotakoak. Gernika-Lumon, bestetik, 800.001 kilo hartu zituzten duela bi urte, eta 860.403 iaz. Hurrenez hurren, beraz, 16.995 eta 60.402 kilo gehiago batu zituzten iaz Busturialdeko bi Garbigune horiek.