Berton txiki-erdi enpresen elkarteak Dendarik Denda azoka antolatu du beste behin be astebururako. Hiru egunetan herriko 18 establezimenduk eskaintzen dituzten produktuak prezio ekonomikoetan salgai izango dira Artza frontoian.

Ohi legez mota guztietako dendak parte hartuko dute Dendarik Denda azokan. Horrela, gazteentzako, umeentzako, gizonentzako eta andrazkoentzako moda, osagarriak, oinetakoak, lentzeria, etxerako apaingarriak, artea, lorak… aurkitu ahalko dira 18 saltokitan.
Herritarrengana hurbiltzeko
«Denda horiek guztiek danetariko produktuak eskainiko dituzte, baina, beti be, kalitatea mantenduz eta Bermeoko merkataritzak orain arte daukan izen ona erakutsita», adierazi dute antolatzaileek. Gainera, horien ustez, Dendarik Denda azokarekin herriko dendak herritarrengana hurbiltzen dira. Herritarrek, bestalde, «prezio erakargarrietan» erosteko aukera dute azoka horren bitartez.
Barikuan eta zapatuan goiz eta arratsaldez zabalik izango da 10:30eatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Domekan, barriz, 10:30eatik 15:00etara bakarrik izango da.
Txu txu trena herritik
Aurreko urteetan egin moduan eta horrek izaten duen arrakasta ikusita, beste behin be herriko kaleetatik, zapatuan, Txu txu trena ibiliko dela jakinarazi dute antolatzaileek. Umeek zein nagusiek erabili ahalko dute eta geltokia, ohi legez, Lameran izango du. 12:00etatik 15:00etara ibilko da goizez eta 18:00etatik 21:00etara arratsaldez.
Bestalde, aurton, umeentzako tailerrak izango direla azaldu dute. Tailer horiek azokaren gune bardinean, Artza frontoian, izango dira zapatuan 17:00etatik 21:00etara eta domekan 12:00etatik 14:00etara.