
Mahai tresna enpresen lurretan, proiektu barri bat martxan jartzea eskatu du EAJk. Irudian Malta lantegia
Busturialdeko EAJk Gernika-Lumoko industrigunea berpizteko eskaera egin dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Hain zuzen, joan den otsailaren amaieran Imanol Pradales Sustapen Ekonomikorako diputatuagaz egindako batzar baten egin zuten eskaera eskualdeko ordezkariek. Janire Urkieta Foruko alkateak, Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak, Luis Ortuzar Gernika-Lumoko udal taldeko bozeramaileak, eta Maria Uribe Gernika-Lumoko zinegotziak parte hartu zuten batzarrean.
EAJk ohar bidez jakinarazi duenez, mahai tresnen lantegi zaharretan industria proiektu bat martxan jartzea eskatu zioten Pradalesi. Izan be, egitasmo barri bat martxan jarriz gero, Gernika-Lumoko ibarreko industrigunea biziberrituko litzatekela deritzote jeltzaleek, eskualdeko ekonomia suspertzeagaz batera. Oharrean nabarmendu dutenez, Busturialdeko EAJk Gernika-Lumoko industrigunea suspertzeko jarrera erakutsi du beti, eta hala jarraituko du eskualdeko industriaren egoera hobetu arte.
Otsailaren 5ean Busturialdeko alkate guztiak batu ziren eskualdeako industriaren gainbeherari irtenbidea emoteko asmoagaz, eta batzar horretan adostutako puntuetako bat zen Gernika-Lumoko industrigunea berpiztea. Hala, batzarrean adostutakoa Bizkaiko Foru Aldundiari helarazi zioten eskualdeko ordezkariek. Bilduk eta Alderdi politiko independenteek be parte hartu zuten batzar horretan, jeltzaleez gain.