San Kristobaleraino luzatuko du bidegorria Muruetako Udalak
Muruetako Udalak Foruan hasten den bidegorria Busturiko San Kristobal auzoraino luzatzeko asmoa agertu du. «Bertatik ibiltzen diren oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna bermatu gura dugu», azaldu du Muruetako alkate Jabier Ondarzak. Izan be, bidegorriak Muruetako udaletxearen parean du amaiera, «eta han amaitzen denez, erabiltzaileek errepidea erabili behar dute jarraitzeko, horrek suposatzen duen arriskuarekin», dio.
Bidegorria hain zuzen be, 200 metro inguru luzatuko dutela jakinarazi du Ondarzak, «egun etena du Bidegorriak udaletxe parean eta jarraitasun ezak arriskua sortzen du». Gune horretan, gainera, alkatearen esanetan «ez dago ez paso erregulatzailerik ezta ikuspen ona bez, eta praktikan erabili egiten da».
Muruetako Udalarentzat «lehentasuna» duen gai bat da bidegorria luzatzearena. Batetik, erabiltzaileek behar duten gauza bat delako, eta bestetik, sortzen diren arriskuengatik. Busturiko Udalarekin harremanetan be izan direla azaldu du Ondarzak eta «horren beharrizanarekin ados gaude».
Muruetako alkatearen ustez, «eskualde mailako planteamendua da. Kasu honetan, Murueta eta Busturi arteko etena du bidegorriak baina eskualde osoko biztanleek erabiltzen dute».
Momentu honetan ibilbidea aztertzen dabiltzala jakinarazi du Ondarzak, «eta nahiko aurreratuta daude azterketak». Udala Bizkaiko Bidegorrien Planaz arduratzen den taldearekin koordinazioan dabil; izan be, ibilbide desberdinak aztertu behar izan dituzte. «Lurraren orografiagatik zaila da ibilbidea zehaztea eta hiru ibilbide ditugu esku artean. Halanda be, nahiko aurreratuta dago guztia eta gutxi gorabehera hobea zein litzatekeen ikusten da».
Oraindik be lanok noiz egingo dituzten ezin dutela zehaztu azaldu du Ondarzak. «Gure asmoa urte amaierarako lanon esleipena egitea litzateke, guk 2014. urterako aurreikusita daukagu-eta lanok egitea. Halanda be, diruaren menpe gaude eta ez dira sasoirik onenak diru laguntzak lortzeko».
Krisi sasoian egonda be, «beharrezkoak» diren gauzak egin behar direla uste du Muruetako alkateak. Haren esanetan, «ez da Muruetako planteamendu hutsa, eskualdeak eskatzen duen planteamendua baizik».