Hamabost herritarrek hilabete batez lan egin ahal izango dute Ibarrangelun
Ibarrangeluko Udalak laugarren enplegu-plana onartu ostean, martxoan hasita hamabost herritarrek hilebete batez lan egiteko aukera izango dute mantentze, igeltserotza, pintura, administrazio eta garbiketa lanetan.
Aurten 30.000 euroko aurrekontua izango du udalak behar horiek herrikoei emon ahal izateko. Aurten, gainera, ikasleengan eta langabezian dauden gazteengan jarri du arreta berezia; izan be, horiek ikasitakoarekin zerikusia duen behar batean lan egin dezaten gura du udalak. Hala, «esperientzia hartu ahal izango dute eta curriculumetan isladatu ahal izango dute egindakoa».
Hainbat lan egiteko aukera
Udaletik jakinarazi dutenez, ikasle eta gazte horiek, besteak beste, liburutegiaren barriztapen lanetan behar egiteko aukera izango dute, eta baita udaleko webgunearen barriztapen eta egokitzapen lanetan be. Gainera, herriko ondarea ezagutarazteko proiektu kultural batean be lan egin ahal izango dute horiek, turismo enpresa bategaz.
«Kontziente gara udan jarraipena izango duten enpleguen behin-behinekotasunaz, baina uste dugu laguntza erakingorra dela, nahiz eta herriko aurrekontuek mugatuta izan», azaldu dute udaletik.
«Diru-sarrerak bermatuta»
Plan horren bitartez, «hilabete batzuetako lanagaz herriak diru-sarrerak bermatuta izatea» gura du udalak , eta, era berean, «mantentzentze lanak herriko bizilagunek egin ditzaten.
«Espainiako Gobernuak udalei ezarritako aurrekontuek, momentuz, ez dute uzten herriko soberakin positiboa inbertsio sozial eta azpiegituretan erabiltzen; hala izango balitz, udal taldeak prest izango lirateke asmo handiko enplegu-plana aurkezteko», azaldu du Ibarrangeluko Udalak