Sukarrietako Txatxarramendi kultur elkarteak Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak Sukarrietako udalekuen balioa «gutxietsi» duela uste du, horien kultur ondare izendapena atzera bota ostean. Joan den barikuan Bilboko Guggenheimaren aurrean egindako agerraldian Iñaki Biterik azaldu zuenaren arabera, «garrantzitsuena ondare kulturala denean, oker administratibo batek balio handiagoa hartu du auzi honetan». Horrela, epaiarekin ados ez daudenez, Espainiako Auzitegi Gorenean aurkako helegitea jarriko dutela jakinarazi dute.

Biterik Auzitegia forma kontuetan bakarrik sartu izana kritikatu zuen, «udalekuen balio kulturala kontuan izan gabe». Bestalde, Sukarrietako Udalak «alderdi eta enpresa interesei begiratuz» jokatu duela adierazi zuen Biterik. Abiña auzoa izan zuten gogoan, udalekuak kokatuta dauden gunean, eta urteetan «abandonatuta» izan dutela gogorarazi, «Hainbat lan egin behar zituzten bertan baina udalak gelditu egin ditu, eremuan interes partikularrak dituztelako».
Udalekuen babeserako txostena egin zuen Iñaki Uriarte arkitektoa be barikuko agerraldian izan zen eta harek «lotsari kultural» eta «miserabletzat» jo du epaia. «Ondare kulturala nazio baten nortasunaren adierazlea da, eta ezin dugu onartu suntsipen gehiago. Izan be, ondarea aberatsa eta garrantzitsua da, baina ez da oparoa», azaldu zuen. Agerraldia aprobetxatuta dei egin zien euskal kulturako eta hezkuntzako artista zein pertsonei «gure lurreko sorkuntza horren alde» egin dezaten.