
Elkartasuna oinarri izango duen bertso saioa antolatu du Etxeratek martxoaren 17rako. Egun horretan bertsolari ezagunak hartuko ditu Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekuak, bertan batuko den ikuslegoagaz batera euskal presoei, iheslariei eta deportatuei babesa adierazteko. Elkartasuna eta bertsoak uztartuz, Oiartzunen urtero-urtero antolatzen duten moduko saioa izatea gura dute Gernika-Lumokoa be.
Etxean nahi ditugu izango da saioaren leloa, eta helburu bat izango duela azaldu dute Etxerat elkarteko kideek: “Gure senide eta lagun diren euskal preso, iheslari eta deportatuak etxean izatea”. Bertso saioa, helburu hori lortu bitartean egin beharreko beste lanetako bat da. “Xamurra ez den errealitate krudel bat bizi dugu guztiok, eta uste dugu honelako ekimenek errealitate hau gizarteratzeko aukera bikaina ematen dutela”. Besteak beste, laguntza ekonomikoa be emongo die bertso saioak presoen senide eta lagunei, “egoera ekonomikoari aurre egiteaz gain, sakabanaketak eragiten duen gastu ekonomiko izugarriari ere aurre egin behar diogu”.
17:30ean hasiko da bertso saioa, eta Xabier Amuriza, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Jone Uria, Ferdi Paia, Xabi Paia, Etxahun lekue, Onintza Enbeita eta Arkaitz Estiballes igoko dira oholtza gainera. Gai-jartzailearen lanak Josu Goikoetxeak egingo ditu.
Sarrerak 10 euroan eskuratu ahal izango dira aldez aurretik, Auzokoa eta Arrano tabernetan Gernika-Lumon; Erronda kaleko Herriko tabernan Bilbon; Plateruenan Durangon eta Txokoan Markina-Xemeinen. Egunean bertan sarrera bakoitza 12 euro ordaindu beharko da.