Busturialdean jazotzen ari diren lapurretez ohartarazi du Ertzaintzak
Elkarte edo ongintzazko arrazoi jakin baten aldeko sinadurak eskatzeko unea aprobetxatuz dirua lapurtzen ari den talde baten inguruan ohartarazi du Ertzaintzak. Azaldu duenez, sukurtsalen, elizen edo jubilatuen etxe inguruetan jazo ohi dira lapurretak. “Elkartasun erakundeen aldeko babesa eskatzeko hasten dira biktimekin hitz egiten, gor-mutuen alde egiteko, Alzheimerraren kontra borrokatzeko, etab. Ondoren, itxurak egiten dituzte, biktimaren NANeko datuak erkatuko balituzte bezala, eta oharkabean, biktimari dirua zorrotik lapurtzeko aprobetxatzen dute”.
Beste zenbait kasutan, aldiz, kutxazain automatiko baten inguruetan jazo dira lapurretak. Gako sekretua ikusten saiatzen dira lapurrak eta, ondoren, “edozein aitzakiarekin harengana jotzen dute eta distraitu egiten dute bitartean txartela lapurtzeko; gero, kontu horretatik dirua ateratzen dute”.
Ertzaintzak gomendatu duenez, “pertsona ezezagunei inoiz ez zaizkie diru zorroa edo agiriak erakutsi behar, eta laguntza eskatzen digutenean susmagarria irudituz gero, bereziki kalean, adi egon behar dugu”. Horrez gain, kutxazainetan “dirua ateratzerakoan beti kontu handiz ibiltzeko eta gure gakoa besteek ez ikusteko moduan idazteko” eskatu du.