Mende bat baino gehiago pasatu da Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen hasi zenetik, baina, oraindik orain, emakumearen eskubideak urratu egiten dira. Hortaz, martxoaren 8a ospakizun egun batetik haratago doan data esanguratsua da askorentzat; aldarrikapen eta borrokarako eguna, alegia.
Busturialdean be martxoaren 8aren harira aldarrikapen kutsua daukaten jarduerak antolatu dituzte udalek, elkarteek, kultur etxeek… Hala, elkarretaratzeak, dokumentalen eta filmen proiekzioak, berbaldiak, solasaldiak, tailerrak, antzezlan saioak, kalejirak edota erakusketak izango dira batean edo bestean; asko eta askotarikoak.
Afariak eta bazkariak
Asko dira, halaber, Emakumeen Nazioarteko Eguna andreen bazkari, afari edo meriendaren bategaz gogoratuko duten herriak; Ereño, Kortezubi, Mendata eta Ea, kasurako. Afarien eta bazkarien kasuan, txartelak aldez aurretik erosi behar direla jakinarazi dute herri bateko eta besteko antolatzaileek.
Egitaraua, herriz herri
Ajangiz
- Martxoak 8. 18:00etan, herriko emakumeek talde argazki bat aterako dute Andren sugarra herriaren indarra hormairudiaren aurrean. Ostean, andreek eta umeek zenbait bertso eta abesti kantatuko dituzte. Amaitzeko, merienda.
Bermeo
- Martxoak 8. 12:00etan, meza Santa Eufemia elizan, Erroxape abesbatzagaz; 19:00etan, narrazio laburren XVIII. lehiaketaren sari banaketa eta Virginia Berasategiren hitzaldia, udaletxeko areto nagusian (antolatzailea: Erroxape Emakumeen Elkartea); 19:30etik aurrera, Lilijira: Emakumiok jabetzera goaz! (Kalejira: Lamerako kioskotik hasita, portua eta alde zaharra. Hiru hilerik behin kaleratuko duten aldizkariaren lehen zenbakiaren banaketa. Antolatzailea: Sareginek Bermioko Feministen Sarie).
Busturia
- Martxoak 8. 19:00etatik aurrera, hitzaldia, film baten proiekzioa eta txokolate jana, Altamira auzoko kultur etxean.
Ea
- Martxoak 8. 19:30ean, elkarretaratzea plazan. Jarraian, Yolanda Arrietaren ikuskizuna Bixenta Mogelen inguruan.
- Martxoak 9. Emakumeen afaria eta solasaldia, Zakilixut elkartean. Natxituko, Bedaroako eta Eako ohiko lekuetan eman behar da izena.
Ereño
- Martxoak 8. 17:00etatik aurrera, briska txapelketa Ereñozar tabernan (ordu laurden arinago eman beharko da izena). Ondoren, emakumeen arteko harremanak sendotzea helburu, merienda herrikoia.
Forua
- Martxoak 8. Kultur etxearen bitartez, biolentzia ezberdinetako biktimak diren emakumeen testigantzak batzen dituen Mariposas en el hierro dokumentalaren proiekzioa, 18:30ean, kultur etxean.
Gernika-Lumo
- Martxoaren 4tik 20ra. Gernikar emakumeak XX. mendean: Ahotsak eta bizipenak erakusketa, kultur etxean (antolatzaileak: Berdintasunerako Zerbitzua eta Bakearen Museoa).
- Martxoak 7. Amateur antzerkia: Xankore taldearen (Emakide) Buenos dias Margarita antzezlana Lizeo Antzokian, 19:00etan. Sarrera, doan.
- Martxoak 8. 12:00etan, Foru plazan, elkarretaratzea eta manifestuaren irakurketa; 20:30-ean, Zine-Kluba: Martha Marcy May Marlene. Lizeo Antzokian, 20:30ean; 19:30ean, elkarretaratzea Merkurio iturri inguruan, Gernika-Lumoko Bilgune Feministak deituta.
Ibarrangelu
- Martxoak 8. Emakumeentzako txokolate jana Gabiri tabernan (Txuinean), 18:00-etan. Martxoaren 6a baino lehen eman behar da izena, kultur etxean (94-627 61 98) edo Txuinean.
Kortezubi
- Martxoak 8. Herriko emakumeek herri afariagaz ospatuko dute Emakumearen Nazioarteko Eguna. 21:30ean elkartuko dira, Lezika jatetxean.
Mendata
- Martxoak 9. Emakumeen bazkaria, 14:30ean, Elexaldeko Artape tabernan. Udalak detaile bat banatuko die andreei. Martxoaren 7a da izena emateko azken eguna. Idatze etxera edo Artapera jo behar da horretarako.
Muxika
- Martxoak 8. 19:30ean, Ariatzako elizan, herritarrek anto-latutako ekitaldia. Ondoren, luntxa. Bazkaria eta berbena be egingo dituzte Muxikako andreek, Urrutxuko erretegian. Martxoaren 7a orduko erosi behar da txartela, udaletxean edo liburutegian. 25 euro balioko du.
Sukarrieta
- Martxoaren 8aren inguruko adierazpen instituzionala onartu du udalak, dekretuz.