Mundakako Udalaren 2013ko aurrekontua iazkoa baino %25 murritzagoa da
Mundakako Udalak 2.205.933 euroko aurrekontua onartu du 2013. urterako, atzo egindako osoko bilkuran. Iazkoarekin alderatuta, %25 murriztu dela jakinarazi dute. Udalaren helburua, herritarrei eskainitako zerbitzu guztiak mantentzea dela azaldu dute.
Mundakako Udaletik adierazi duten moduan, «2013rako aurrekontua dagoeneko ditugun baliabideak optimizatzeko ikuspuntutik egin dugu: erantzukizunez, arrazionalizatuz, gastuen kontrola eginez eta euste irizpideekin».
Aurrekontuaren esleipen gehienak murriztu behar izan dituzte; izan be, aurtengo aurrekontua iazkoa baino %25 murritzagoa da, «herritarrei zuzendutako zerbitzuak mantentzea izan da helburu nagusia. Horiek KPIaren igoera bakarrik izango dute».
Ludotekan kuota ordaindu behar
Salbuespen bakarra izango dela jakinarazi dute, gaurtik aurrera Ludotekako erabiltzaileek «gutxieneko» kuota bat ordaindu beharko dute eta.
Bestalde, kostuak murrizteko, Udalak herriko argiteriaren kudeaketa eta mantenua enpresa espezializatu baten eskuetan jartzeko erabakia hartu du, «zerbitzua errentagarria izateko».
Herritarrei, barriz, herriko instalazioekin eta zerbitzuekin «kontziente» izateko eskaera luzatu die, «Mallona parkean izandako kalteak bezalako ekintza bandalikoek, dirutza bat gastatzea suposatzen dute».
Finantza gastuena izan da igoera izan duen kapitulu bakarra, %70 igo baita. «Beharrezkoa izan da 2008ko ezbeharragatik ordaindu behar den kalte ordainari aurre egiteko».