
Maitasuna airean dago aspaldian Bermeoko kaleetan; nonahi aurki daiteke: hormetan, faroletan, tabernetako bainugeletan… Maitasun faltan egonez edota gehiago behar izanez gero, hartzeko aukera be badago, «behar beste», gainera. Maitasuna inoiz soberan ez dagoelako, Asko Gutsut ideia-kolektibo anonimoa sortu dute Bermeon.
Asko Gutsut esan dutelako, esango dutelako eta oraindik gehiago esan behar dela uste dutelako abiarazi dute Asko Gutsut ideia-kolektiboa. Burutapen hori nondik datorren ezin dute zehaztu; «lehenengo edo bigarren garagardoarekin izango zen?», diote.
Maitasuna eskaini
Pegatina zurietan Asko Gutsut idatzi, eta tabernetako bainugeletan hasi ziren horiek itsasten. Maiteminduen egunean ekin zioten, barriz, bigarren faseari. Asko Gutsut zioten kartelez josita esnatu zen Bermeo otsailaren 14an. Lana eskaintzen edo eskatzen duten kartelen moduan, maitasuna eskaintzen hasi zen, dohainik, oraindik anonimotasunean jarraitzen duen herriko talde bat. Paper zatitxo bategaz nahikoa ez duten horientzako be mezu argia zabaltzen dute karteletan: «Hartu behar duzun beste».
Herritarren erantzuna berehalakoa izan zen; batzuek deigarri gertatu zitzaielako hartu zituzten papertxoak; beste batzuek, barriz, benetan maitasun falta omen dutelako edo, zergatik ez, beste bati oparitzeko. Gauza bat edo beste, leku gehienetan berehala amaitu ziren papertxoak.