
Maite San Nicolas (1999, Bermeo) eta Leire San Nicolas (1997, Bermeo) igerilari bikainak dira. Maitek infantil mailako lau domina irabazi zituen Bizkaiko Igeriketa Txapelketan, eta Leirek beste hiru. Duela bi urtera arte Gernika-Lumoko Kosnoaga igeriketa taldean zebiltzan, baina iaz taldez aldatu eta Zornotzara joan ziren bi ahiztak. Aldaketa hoberako izan dela deritzote, «ikasteko gogotsu» daudela gaineratuz. Lehorrean baino hobeto moldatzen dira uretan.
Bizkaiko igeriketa txapelketa jokatu zenuten otsailean. Zer moduz?
Leire. Banakako hiru domina irabazi nituen nik. Tximeleta estiloko 50 metroko, lau estiloetako 100 metroko eta bular estiloko 50 metroko lasterketetan irabazi dut domina.
Maite. Domina bat gehiago irabazi dut nik, baina horietako bi erreleboetan. Crawl estiloko 50 metroko eta 100 metroko lasterketetan banakako domina irabazi nuen. Taldeka, bestalde, crawl estiloko 4×200 metroko eta 4×100 metroko lasterketetan irabazi dut domina.
Aurreko urteetan irabazi duzue dominarik?
Leire. Iaz domina bat irabazi nuen Bizkaiko txapelketan. Txapelketetan be irabazi dut lasterketaren bat, baina ezin da alderatu.
Pozik geratu zarete lortutako dominekin, edo gehiago irabazteko aukera zenuten?
Leire. Oso pozik gaude. Ez genuen espero, egia esan; nahikoa egin dugu.
Bihar norbaitek igerilekuan sar ez zaitezkeela esanez gero?
Leire. Ez dakit zer egingo nukeen. Arrainen antzekoak gara, lehorrean baino hobeto moldatzen gara uretan. Udan be egun guztia pasatzen dugu uretan.
Maite. Nik oso txarto pasatuko nuke.
Maite ala Leire da hobea igerian?
Maite. Leire da hobea, baina nagusia delako.
Leire. Ez nago guztiz ados. Maite lehenago hasi da teknika lantzen, eta mesede handia egingo dio. Aurten nire marka batzuk gainditu ditu dagoeneko. Kontuz ibili beharko dut datorren denboraldian [barreak].